Ajearena
Aurten ere ez dira hamarrera iritsi hondartza zapaldu dudan egunak. Ez naiz inoiz bereziki hondartza zalea izan, eta esan beharra dut! Guztiz gainbaloratuta dago «morena» jartzearena. Lehiaketa bizi baina disimulatuan hasten gara eguzki izpiak hasi orduko. Disimuluak disimulu, lagunengana iritsi eta norgehiagoka hasten da noren azala egon beltzaranago. Gainerakoen txaloak irabazlearentzat!
Pasadizo kurioso bat kontatzera nator gaurkoan. Hondartzan egon naizen egun horietako batean, Zurriolan uraren ertzean paseoan ari nintzen gurasoekin, oso gustura. Berriketan ari ginen, giro epelean eta tarteka gugana iristen ziren olatuen zipriztin freskoek konbinazio perfektua osatzen zuten; harik eta ondorengoa gertatu zen arte… Itsasertzean zegoen pertsona bat soroslearengana joan zen kexaka, surfa egiten ari zirenek itsasoaren zati handiena hartzen zutela eta bainatu nahi duten gainerakoentzat leku nahikorik ez zegoela esanez. Sorosleak, nonbait surflarien alde jarrita, ondorengoa erantzun zion, harro-harro: «Hondartza kiroldegi erraldoi bat da». Hori entzunda marmarka egin zuen alde paseoan zebilenak.
Hondartza garai batean terapia modura errezetatzen zuten sendagileek (orain agian ere bai). Helburu horrekin etortzen ziren aristokrata asko Donostiako kostaldean iradoki zizkieten bainuak hartzera. Orain ez nuke jakingo esaten hondartza modu terapeutiko horretan ikusten dudanik. Uste dut ezetz. Sorosleak emandako ikuspegia ez zait sekula burutik pasa. Hondartza kiroldegi erraldoia…
Hondartza pribatizatu duzue, uretan kirolerako bideratuta dagoen zonak «bainua hartzera doazen» horiena irentsi du gutxika. Urte batzuk barru Kursaal aurrean dauden arroketan eseri eta uretan oinak sartzen soilik utziko diguzue? Hori bai, surflariek olatuekin nola dantzatzen duten ikusteko. Marmokaren bat edo beste ere ikusiko dugu. Karramarroak agian.
Ajea daukat, bai. Ez ditut gainditu hiriari udaran, eta urtearen gainerako hilabete askotan ere, eragin dizkiozuen eraldaketaren albo kalteak. Garagardoaren ajea baino okerragoa da hau.
Beste norbait gara beste norbaitentzat.