(Al)arma Egoera
Pasa den igandean alarma egoeran sartu ginen eta osasun irizpideen aitzakiarekin gure belaunaldiak inoiz ikusitako neurri diziplinario basati eta ulertezinak betearaztera behartu gaituzte, bigarrenez aurten. Osasun egoerak okerrera jo du azken egunotan, horren adibide dira Donostian 100.000 biztanleko 610eko intzidentzia metatua eta ospitaleak kolapsotik gertu egotea. Hartutako neurriei, ordea, osasun krisia bera gainditzeko baino, egungo sistemaren ezintasun estrukturalak kontrolatzeko saiakeraren antza handiagoa hartzen diet. Krisi kapitalista orokorraren testuinguruan eta gizartearen zati handi baten pobretze prozesu bete-betean, osasun-krisiak areagotu besterik ez du egin kontua.
Argi eta garbi ari gara ikusten egun gizartea kontrolatzen duten agintariak ez direla gai pandemia modu egokian kudeatzeko. Osasun irizpideak betetzeko neurri eraginkorrak hartu beharrean, osasun sistemak gainezka egin ez dezan neurri diziplinario eta polizialak hartu dira, ezkutuko salbuespen egoera bat ezarriz. Botere finantzieroen mesedetan Estatuak zeresan gutxi duen honetan, sistema kapitalistaren baitako ziklo produktibo berrirako baliagarriak diren esparruak (enpresa handiak, hezkuntza-sistema kasu) ixteko ukazioa nabarmena da, ostalaritza bezalako bestelako esparruak berehala ixten ari diren bitartean.
Egoeraren larritasun maila zinez asaldagarria da, diziplina eta autoritarismo ariketa larria izan baita: biltzeko askatasuna ukatu, espazio publikoaren erabilera mugatu, manifestatzeko askatasuna arbitrario bihurtu dute eta etxeratze agindua bezalako neurri zentzugabe zein militarra plazaratu dute.
Kolore guztietako alderdi politikoek hartutako jarrerak ere, zer pentsa ematen du. Erantzukizunaren eta zentzu komunaren izenean alfonbra gorria jarri, eta diktadura baten itxurako neurriak bere egin, asimilatu eta bultzatu egin dituzte. Azkeneko hausteskundeetako abstentzio maila ikusita, zein zilegitasunekin?
Dirudienez, hilabete luzeak ditugu aurretik. Pobrezia ekonomiko larriaz gain, neurri berri hauek paradigma kultural berri baten hasiera suposatzen dute langileriarentzat. Komunikabide gehienen «shock» diskurtsoaren eta informazio saturazio honen gainetik, egia jakiteko eskubidea dugu. Gertatzen ari denaz jabetu, eta askatasun politikoen alde borrokatu beharrean gaude, interes kolektibo unibertsaletan eraikitako osasungintza bat defendatzearekin batera. Pobrezia askatasun eza baita, eta askatasun eza, aldiz, pobrezia.