Albisteak eta izenak
Izaten dira albiste batzuk urteko egun bati lotuta doazenak beti, ezta? Ekainaren 15a eta hondartzen irekiera, irailaren 7a eta ikasturtearen hasiera eta abar. San Sebastian egunean, Imanol Artola umeen danborrada aurkezten entzutea bezalakoak dira, ziklikoak.
Bueno, aurten ez.
Kontua da, urtarrilaren 6an, gosaltzen ari nintzela, urteroko albistea entzun nuela irratian; eta hantxe sumatu nituela, esatariaren hitzetan, «Ane, Mikel, Iker eta Irati errege magoek ekarritako opariez gozatzen».
Eta urtero bezala, pentsatu nuen, agian gure etxeko sala ikusi berria nuelako, erotu egiten garela; eta gure kontu-korrontearen kontra adina egiten dugula geure buruaren kontra, seme-alaben irribarre baten izenean.
Urtero bezala. Izan ere, aspaldi gainditu nuen Errege Magoak «gureak» ote diren zalantza. Badakit, mago hauek ere, beste errege gehienak bezala, kapitalarenak direla.
Kontua da, oraingo honetan, eta lehenago ez bezala, izen zerrenda egin zitzaidala deigarri: Ane, Mikel, Iker eta Irati. Izen zerrenda neutroa, normala, bi mutil eta bi neska.
Baina pentsatu nuen, hasi beharko dugula, pixkanaka, gure imajinarioan beste izen hauek ere sartzen: Mohamed, Dulce, Irina, Annia eta beste asko. Ez baditugu behintzat, euskaldunen batzuk ahaztu nahi, ezta?
A! Eta hauen aurretik –denboran, diot– Ricardo, Alejandra, Miguel eta horrelakoak.