'Aldamioan gora'
Berritzea ala hil. Kazetarion lana goitik behera aldatu da azken urteetan. Teknologia berrien etorrerarekin, berehalakotasunak du lehentasuna, sare sozialak oinarri. Albistea inor baino azkarrago emateko lasterketan, gainera, motxila eta poltsikoak beteta egin behar izaten dugu korrika. Argazki kamera, koadernoa eta boligrafoa, esku telefonoa, grabagailua… zenbait lankidek komeriak izan ohi dituzte tramankulu horiek guztiak soinean eramateko. Hori gutxi balitz, bereak eta bi pasa behar izaten dituzte albistera iristeko.
Horixe bera gertatu zitzaien, asteazkenean, Tabakalerako lanak bisitatu zituzten kazetariei. Kaskoa buruan, katiuskak oinetan, eraikinaren barrena ibili ziren, obran pilatutako ura saihestu ezinik. Gurutzebidea ez zen hor amaitu; aldamio handi bat igo behar izan zuten goiko solairura heltzeko.
Donostiako hedabide bateko kazetari batek esan zuen, behin Tabakaleran izanda, igotzea besterik ez zitzaiola geratu; beste edozer egitea, taldearen aurrean barregarri geratzea litzatekeelako. Beste hedabide bateko lankide batek ere eman zuen bere iritzia, Twitterren bidez kasu honetan. Kazetari honek adierazi zuen, bisita egin aurretik ekainaren 5eko albistea ezagutu izan balu, ez zukeela aldamioa igoko.
Eta zer gertatu zen, bada, ekainaren 5ean? Egun horretan Tabakalerako obretan lanean ziren bi langilek istripua izan zuten, aldamiotik erori eta gero. Sudurrean eta hanka batean hartu zuen mina batek; beso batean, besteak. Suhiltzaileek bertaratu behar izan zuten, zaurituetako bat aldamiotik jaitsi ahal izateko.
Istripuak istripu, zalantza gutxi ditut nik: kazetaritza ere arrisku lan bat da.