(Argazkia: Batix Ezeiza)
Urtean behin gutxi gorabehera, itsasoak indar erakustaldia egiten digu. Pasealeku Berria eta Haizearen Orrazia itxi ohi ditu udalak, Parte Zaharreko zenbait denda eta tabernak euren ate eta leihoak finkatzen dituzte, ibilgailuak zenbait zonaldetan aparkatzea saihesten dugu eta guztiok gerturatzen gara itsaso aldera kamera eskutan dugula.
Olatuak, aparra, urak eramandako enbor eta adarrak, itsasoaren kolpeen zarata, kresala usaina, lainoak eta euria. Kontxako badia polita da itsasoa bare dagoenean, zeru oskarbiarekin, udatiarrak gabarroian eta barkuak fondeatuta dituela. Baina honelako egunetan zoragarria da.