'Ama Begira Zazu' #20, Batix Ezeiza
Argiak itzali, fokoak piztu, ke makinak giroa lausotzen. Publikoa agurtu, eta lehen akordeekin sekulako eztanda, mundu guztia aldi berean abesten. Izan ere, buruz dakizkigu abestien letrak. Guztiak. Edo ia guztiak, behintzat. Ordu eta erdi izerditan, saltoka, eztarria urratu arte, atsedenik gabe abesten. Bai agertoki gainekoak eta baita agertoki parekoak ere. Zaila egiten da bereiztea bi aldeetako zein den gehien dibertitzen dena. Eta amaieran, betiko sentsazioa: sekulakoa izan da eta gehiagoren gogoz geratu naiz. 20 urte baino gehiago agertoki gainean ez dira gutxi, ezta zorte kontua ere.