Amaia Portugal: 'Berarekin egon nahi du'
Orri zuriaren sindromearekin nenbilen, 2017ko lehen zutabean zertaz aritu oso garbi ez nuela. Urte berrirako gurariei buruz gatz eta piperrik gabeko testu bat idaztekotan nengoen… udaltzain batek lana erraztu didan arte. Orain zailtasuna bestelakoa da: nola eraman paperera derrepentean erraietan sortu zaidan amorrua. Nola islatu gauzak modu ulergarrian, barrenak arrapaladan eta teklatuari kolpeka idaztea eskatzen didan une honetan.
Urte berri eguna da, eta has gaitezen hasieratik. Arratsaldeko lehen ordua, eta bikote bat dabil, itxuraz mozkor, edo drogatuta akaso, Egiako kaleetan. Neskak etxeko giltzak ditu eskuetan, baina ez du gogoratzen non bizi den, edo ez da esateko gai, edo ez zaio ulertzen. Mutila neskari etxea aurkitzen lagundu nahian-edo dabil. Gauza batek piztu du nire argi gorria: ilbeltzeko lehen egun hotz honetan, badirudi neskak ez daramala ezertxo ere berokiaren azpian, eta ez dirudi horretaz jabetzen denik ere.
Hurrengo eszena. Udaltzainak etorri dira. Dokumentazioa eskatu diote mutilari. Neskak ez darama. Behin eta berriz ahalegindu gara/dira non bizi den argitzen, baina alferrik. Nola izena duen esateko ere ez da gai. Orduan, lehendik piztuta nuen argi gorria burrunbaka hasi zait. “Lasai, nire etxera eramango dut bestela”, esan du mutilak.
Gure hiria eta bertako gizon-emakumeak zaintzeko betebeharra duen hirukoteak, ordea, ez du ez argirik ikusi, ez eta burrunbarik entzun ere. Hurrena, gorritu, aurpegia gorritu zait niri, udaltzainetako bati entzun diodanean (gaztelaniaz, ez baitziren mutil euskaldunari bere hizkuntzan erantzuteko gai; horri buruz beste batean idatzi beharko dut agian): “Argi eta garbi, (neskak) berarekin egon nahi du”. Eta zer egingo diogu? esan nahiko balit bezala begiratu dit. Zur eta lur utzi nau.
Alferrik ari da Donostiako Udala pegatina, kartel, pin eta ahozapi kontzientziatzaileak kalean banatzen, aurrena etxean dituen trapu zikin askoak garbitzen ez baditu. Denok ezagutzen dugu teoria, baina ekintzarako ordua zenean, udaltzainaren esaldi ernegagarri bakar batek agerian utzi dit fartsa guztia. “Argi eta garbi berarekin egon nahi du” bota du. Zutik ia mantendu ezinik, mutilaren sorbaldari, hormari, farolari edo beste edozerri berdin-berdin helduko liokeen neskari buruz ari zen.
Oraingoan ondo antzean bukatu da kontua. Kalean zebilen gizon batek neska ezagutu du, eta non bizi den jakin dugu/dute azkenean. Nor bere etxera joan da. Bestela, auskalo non, eta batez ere nola, argituko zuen biharamunak neskarentzat.
Urte zahar berri on.