Gugan sinestu zutelako
Amaia Sexmilo. Arraunlaria.
Eta badator berriro ere udara…eta udararekin batera gure momentua…urte osoan zehar denboraldi hasiera honetara gogoz, indartsu eta ahalik eta mailarik onenean iristeko aritu gara lanean. Egun txarrak, onak eta erdipurdikoak izan ditugu, gauza asko pasa ditugu… baina guztiaren gainetik, talde moduan egin dugu lan, taldea mimatu dugu eta talde izaera landu dugu.
Duela bi urte hasi zuen gure taldeak arrauneko ibilbidea; estrapua, ababor, istribor, bukatu, atakea… gure bizitzatik urrun zeuden hitz hauek denak. Bi urteren buruan, gurekin ditugu egunerokotasunean betidanik ezagutuko bagenitu bezala. Nork esango liguke?
Ez zen erraza izan gure hasiera, taldea osatuko zen ere ez genekien… baina baginen proiektuan sinesten genuen arraunlariak, gugan sinisten zuten bi entrenatzaile,eta babesten gintuen kluba eta bertako partaideak ere. Donostiak nesken traineru bat behar zuela defendatzen genuen, eta hori lortzeko asmoz gogor aritu ginen lanean. Eta azkenean gu guztion indarra eta gogoa atera zen irabazle. Proiektuan benetan sinisten genuenon lanak eman zion zentzua gure proiektuari, eta lehen urtea izateko, eta nondik gentozen ikusita, urte txukuna atera zitzaigun.
Aurten gauzak ezberdin daude. Hasitako proiektuari jarraipena eman diogu, taldean neska gehiago gaude, eta lehengo urtetik gauden arraunlari, laguntzaile eta entrenatzaileak ere berak izanik, taldeak oinarri sendo batekin hasi du urtea. Talde berri eta gaztea izaten jarraitzen dugu, gauza asko dauzkagu ikasteko eta hobetzeko, baina aurten salto txiki bat eman nahi dugu aurrera, talde hoberenetara gerturatu nahi dugu eta ezarritako helburuak bete.
Bide onetik goazela dirudi… baina orain da hori demostratzeko momentua, egindako lan guztiaren emaitzak ikusten hasteko garaia…eta nola ez, donostiar guztiekin batera gure hiriko emakumezkoen traineruaz gozatzeko momentua. Aupa Arraun!