Amara Berriko jaiei oztoporik ez! Jaiak denontzat!
Gaur egun, gazteok dugun aisialdirako eta kirolerako sarbidea gero eta murritzagoa da. Amara Berriren kasua ere berdina da: gazteok ez dugu auzoan sozializatzen. Izan ere, tabernetan salbu, ez dugu inolako aisialdirako eskaintzarik.
Ildo horretatik hasi ginen Amara Berriko Ikasbide Elkarteko jaietan gazteoi bideratutako eskaintza bat sortzeko lanetan. Txikiak garenean erreferentzia diren jaiak dira, baina gaztetzen goazen heinean, jada ez dugu gure tokia topatzen bertan. Elkartean gure kezka zein proposamena bota genituen: Anoeta pasealekuko frontoian gazteoi bideratutako gaueko eskaintza egitea. Begi onez ikusi zuten eta, ordutik, gazteok elkartearekin izan dugun hartu-emana ezin hobea izan da, momentu oro egon direlarik gazteontzako egitaraua egitearen alde.
Hurrengo urtera begira, jaietan frontoia erabiltzearen alde borrokan jarraituko dugu, beharrezkoa ikusten baitugu gazteontzako aisialdirako espazioak sortzea
Gazteon zein elkartearen borondatea, ordea, ez da nahikoa izan. Tramite burokratiko guztiak egin eta hauek ondo egon ondoren, ez digute baimenik eman. Nola da posible Amara Berriren moduko auzo batean, non astero futbol partidak dauden, kontzertu erraldoiak muntatzen diren goizeko ordu txikietara arte, errugbi partidetan txosnak nonahi jarri daitezkeen eta abar, auzoko jai batzuetan, eta gainera bizilagunik ez dagoen espazio batean, hura erabiltzeko baimenik ez ematea? Donostiako Udalak enpresa edo promotore handiei edozer egiteko eskumena ematen dien bitartean, dirua atzetik darabiltela, gazteoi ez digute uzten.
Hurrengo urtera begira, jaiak antolatzeko bidean eta espazio honen alde borrokan jarraituko dugu, beharrezkoa ikusten baitugu gazteontzako aisialdirako espazioak sortzea. Helburu hau dugularik ipar, jaietan zehar ekimen desberdinak egingo ditugu, besteak beste, sinadura bilketa bat eta elkartasun argazkia. Amara Berriko gazteok argi dugu, jaietan espazio bat izan dezagun lanean jarraituko dugu.