Amildegiak
Badago amildegiaren kontzeptuaren baitan zantzu poetikoa. Badelako saltoa. Itsasoaren eta lurraren arteko aldaketa ikusarazten duelako. Zaharra eta berria, edo ezezagun zaigunaren arteko aldea delako.
Amildegiaren jauziak erakartzen gaituen moduan ematen digu beldurra. Sorrarazten digu mina. Baina baita desira ere, esperantza. Plazera.
Kaioek eraikitzen dituzte kabiak amildegietan. Aldaketaren mugan daude, baina ez dute zeharkatzen. Tarteka lehenaldira egiten dute salto, lurreratuz eta bertatik janez; eta, besteetan, itsasorantz murgiltzen dira, zakarra dagoen etorkizunari fereka eginez, arrantza majoa baliatuz.
Baina gizakia ez da kaioa. Gizakiak aurrera egiteko premia du, eta, tarteka, bere bidean amildegiarekin egiten du topo. Hegan egiten baleki…
Nire bizitza amildegi sorta baten aurrean dago momentu honetan. Proiektu berrien aurrean sortzen den bertigoarekin itsaslabarrera begiratuz kasu batzuetan, eta amaierarik ez duen pareta erraldoiaren azpian besteetan.
Badut, ibilbidea eginez amildegiraino iritsi den proiektua: Añorga KKE-ren mendeurrena. Zorabiatzen nauena. Izugarrizko tamaina duena. Etorkizuna eta iragana jorratzen dituena. Ehun urteetan egindakoaz ikasteko parada ematen didana, eta aurrera begira jartzen nauena nahitaez.
Badut, alderantzizko proiektua ere. Itsasotik, lasaitasunetik, hondartzara eraman zaituena, eta lurreratzeak eskalada saioa egitera behartzen zaituena: musika. Piano ikasketen hasierak amildegia bezain zorrotza den egoera batean jarri nau. Pazientziaren eta ekitearen arteko eragiketa matematiko askaezina dena. Baina musikak ere jarri nau amildegi baten aurrean: Bi Zaldiren disko berriaren kaleratzea. Iristear dugu azken sei urteotan mimoz landutako lana, eta berau zabaltzeak, kontzertuak lotzeak eta jendearen erantzunaren beldurrak amildegiaren azpian jarri nau.
Amildegiak. Zeinen irudi politak, eta zeinen paraje zailak era berean. Ez naiz kaio jaio, baina bizkarrean hegoak banitu bezala sentitzen naiz. Hegan egiteko prest, eta proiektu berriek sortzen duten umeen tolesgabetasunaz eta irrikaz disfrutatzeko gogoz.
Egin dezadan, ba, hegan.