Analfabetoak
Gure inguruan begiratzen badugu, zoritxarrez, euskaraz idazten eta irakurtzen ez dakien jendearen kopurua izugarria da eta, gainera, adin guztietako jendea dela esango nuke; inori ez zaio iruditzen zerbait harrigarria denik. Alderantziz, zerbait normala dela iruditzen zaigu.
Euskal Herria inoiz ez da euskaraz alfabetaturik izan, alegia, bere hizkuntza nazionala inoiz ez da nagusi eta erabat alfabetatua izan, inoiz ez gara herri euskaldun erabatekoa izan.
Badakigu hori horrela izatea ez dela biztanleriaren nahia hori delako izan, guztiok dakizkigun arrazoi batzuengatk baizik. Baina, bada garaia, egoera horri buelta emateko eta une on batean gaude Euskal Herri euskaldun bat erdiesteko.
1970eko hamarkadan hasi ginen pausoak indarrez ematen euskalduntze eta alfabetatzearen alde, bai helduen alfabetatzean eta bai ikastoletako eskolatzearen mugimenduan. Izan ere, bata zein bestea elkarri lotutako mugimenduak izan ziren.
«Alfabetatu gabeak gara asko eta asko herri honetan, eta, gainera, adin guztietako jendea dago multzo horretan. Baita oinarrizko ikasketak ikastolan egin dituztenak ere»
Horren guztiaren ondorioa da gaur egun dugun errealitatea, non gero eta gehiago garen euskara ezagutzen dugunak, nahiz eta erabilpenean ez dugun ezagutzan bezain beste egin aurrera.
Euskararen egoera honen aurrean arazo mordo bat dugu aurrera egiteko garaian. Duela gutxi amaitu da bi urtetik behin AEK-k antolatzen duen Korrika, eta euskaltzale guztiok hor ibili gara pozez egun horietan, izan ere, beste edizioetan bezala, aurtengoan ere pozgarria izan da ikustea horrenbeste jende ospakizun horretan parte hartzen.
Eta testu honi eman diogun titulua ikusita, zer egin dezakegu guztiok alfabetatuak izan gaitezen? Izan ere, hori da sinesten dugun bidea aurrera egiteko. Esan dugu alfabetatu gabeak garela asko eta asko herri honetan, eta, gainera, esango nuke adin guztietako jendea dagoela multzo horretan. Baita oinarrizko ikasketak ikastolan egin dituztenak ere. Ez da jende heldua soilik orrialde bat irakurtzeko edo idazteko gai ez dena.
Eta hori horrela dela ikusita, zer hizkuntza politika egiten du gure administrazioak? Egia da herri guztietan daudela udal liburutegiak eta hori ondo dago, baina eta zer esan administrazioak bere esku dituzten komunikabideei buruz, batez ere, telebistari buruz? Eta zer esan urteak joan eta urteak etorri filmak euskalduntzeari buruz? Eta, komunikabideak alde batera utzita, euskara ikasteko doakotasunari buruz? (A eta B1 bai, baina B2 ez edo C1 ez…) horrenbeste urte pasatu eta gero, oraindik ez dugu HHE euskaldunik (Helduen Hezkuntza). Hau da gure hizkuntza politika: zikoitza eta negargarria.
Eta euskalduna den proiektu berriren bat sortu eta landu nahi dutenei, adibidez, aldizkari bat edo egunkari bat edo beste proiekturen bat euskara jendartean bultzatzeko? Laguntza eskasa edo deus ez, hori da gure Eusko Jaurlaritzak duen hizkuntza politika. Eta urteak joan, urteak etorri, ez da aldaketarik.
