Ander Edo: 'Demagun'
Demagun lanera berandu noala, ez hamar minutu ezta ordubete ere, demagun zazpi urte ematen ditudala lantokitik azaldu gabe. Nagusia orduan kexaka hasten zait eta lanera bueltatzen naiz. Demagun ez dudala kalterik ordaintzen, zazpi urtean neure soldata jasotzen dudala eta lanera bueltatzen naizenean lankideak eskertuta azaltzen zaizkidala bueltatu naizelako. Arraroa egoera, ezta? Zaila egiten zaizu imajinatzea? Bueno, ba, azken esfortzu bat eskatuko dizut. Demagun orduan neure buelta ospatzeko tortilla eta sagardo botila batzuk eramaten ditudala lantokira eta lankideak eta nagusiak poz-pozik hauek jan eta dena ahazten dutela.
Orain arteko guztiak ez hanka eta ez buru ez duela uste baduzu, bat nator zurekin. Ezinezkoa da horrelako istorio bat sinistea ni edo zu protagonistak baldin bagara. Baina demagun ni Eusko jaurlaritza naizela, nagusia eta lankideak Loiolako auzotarrak eta lana Euskotreneko geltokiko obra. Orduan dena da posible.
Aurreko larunbatean ospatu zuten Loiolako geltokiko lanen amaiera. Alkatea, Garraio sailburua eta hainbat ordezkari izan ziren goizeko lehen orduan Loiolako geltoki berria ikusten. Ondoren ETSk doako pintxoak eman zizkien bertaratu ziren bizilagunei. Eta batzuek sabela betetzen zuten bitartean beste batzuoi tonto aurpegia geratu zitzaigun, hasieran aipatu dudan egoera zentzugabe hori egia bihurtzen zela ikusten genuen bitartean. Geltokia amaituta Astiñeneko zubia geratzen zaigu Loiolan. Batek daki esandako epearen barruan amaituko duten, baino amaieran paella ematen badigute, gaitzerdi!