Ander Edo: 'Donostia fake bat da'
Aurreko astean sare sozialetan eta mugikorretan bolo-bolo ibili zen irudi bat. Felipe VI Borboikoa ageri zen, antza Donostia 2016k egindako kartel batean Ongi etorri lelopean. Segituan etorri zen galdera: benetakoa da edo fake bat da? Lehenik eta behin, argitu dezagun ingelesetik datorren termino honen esanahia. Bereziki Interneten erabiltzen da hitz hau, zerbait gezurrezkoa dela adierazteko.
Ziurrenik zure sakelakoan izango dituzu fake diren majina bat irudi. Esaterako, sarean umorea zabaltzen duen Josu Kristo erabiltzaileak plazaratu zuen Antonio Barrera toreroaren irudia. Ikurrinarekin toreatzen irudikatu zuen DSS2016k faroletan jarritako banderetan. Espainiako erregearen kasuan, ordea, kontua ez zen ordenagailu bidez egindako muntaketa soil batean geratu. Egileak inprimatu, markesina ireki, eta irudi hau jarri zuen. Sarean zabaldu bezain pronto, DSS2016k ukatu zuen kartel horren egiletza eta fake bat zela adierazi zuen.
Irudia benetakoa ez izan arren, benetakoa izan da Felipe VI eta bere emaztearen bisita. Hori, lagunok, ez da fake bat izan. Ez da ere fake bat izan, 2016ean, Donostia kulturaren hiriburua den honetan, Donostiako bost auzo festak egiteko diru laguntzarik gabe geratu izana. Ez dira fake bat ere Gipuzkoa Zutik dinamikako lagunekiko udaltzainek izandako jarrera bortitza erakusten duten irudiak. Bai, era baketsuan protestatzen ari zen gaztearen burua zapaldu zuen udaltzainaren irudia ez da ordenagailuz egindako muntaketa bat. Gordinak bezain errealak diren egoerak dira hauek.
Turismoari hainbeste (eta bertako errealitateari hain gutxi) begiratzen dion hiri honetan oso ohikoak dira kartela eta errealitatearen arteko distortsioak. Azken finean fake handienak ez dituzte erabiltzaile anonimoek egiten, sarri bulego eta erakunde ofizialetatik etortzen zaizkigu.