Ander Edo: 'Egurrezko danborra'
Lagun batek kontatu zidan behin zein zen bere ligatzeko trukua. Gustatzen zitzaion pertsonari “amua” botatzen zion proposamen burutsu bat eginez. Ongi ateratzen bazen, ba ederki, eta bestela, tira… broma zen! Bada, aste honetako udalbatzarrean antzeko zerbait gertatu da. Bota zuen PSE-EEk Ernesto Gascoren ahotik “amua”: Angels Barcelo kazetari katalanari Urrezko Danborra emateko proposamena. Eta bazituzten arrazoiak hautagaitza aurkezteko, pisuzkoak gainera: Madrildik irratsaioa egiten duen katalana da Barcelo, eta Donostiara etorri daitezkeen turista potentzial asko dagoenez Madril eta Bartzelona inguruan… To, Angels Barcelo!
Baina kontua ez zitzaion uste bezain ondo atera, eta harriduraz erantzun zuten hainbat hiritarrek sare sozialetan. Kazetariaren ibilbide profesionala auzitan jarri gabe, askok ez zuten ulertu zergatik eman nahi zioten horrelako sari bat. Alegia, donostiarrok ez genuela amua irentsi. Asteazkeneko udalbatzarrean berretsi behar zuten erabakia, eta beste udal taldeen posizionamendua ikusita, nahiko argi zegoen Donostiako turismo kontseiluko gizarte eragile “misteriotsu” batek proposaturiko, eta PSEk babesturiko hautagaitzak ez zuela aurrera egingo. Egoera honen aurrean nire lagun horrek erabiltzen duen teknika bera erabili zuen Gascok: azken minutuan eskatu zuen bozketa ez egiteko. Ustez Barcelok berak mezu bat helarazi ziolako esanez kontsentsu falta ikusirik uko egiten ziola hautagaitzari. Eneko Goia alkatearen aurpegia “poema” batean bilakatu zen orduan. Goiak ez zuela horren berri esan zuen harriduraz, eta Gascok erantzun denbora gabe ibili zela kontu hori komentatzeko… Azkenean bozketa egin eta denak abstenitu ziren. Bueno, tira, PSE-EE (hasieran hautagaitza babestu zuenak) ez bai, ez ez, ezta abstentzioa ere.
Nire lagun horrek teknika hori erabiltzen du kalabaza baten aurrean sor daitekeen egoera deserosoa saihesteko. Ez dakit lagunari nola ateratzen zaion, baino Gascori nahiko gaizki atera zaio. Lotsagarri geratu da hiria eta hasieran hiriaren ospe eta irudi ona zabaltzeko zen sariak, Easo ederrak kontu batzuekin duen fundamentu urria utzi du agerian. Aurten ez da izango Urrezko Danborrik gure hirian, egurrezko danbor eta barrilekin konformatu beharko dugu. Gozatu dezagun festaz eta ez dezagun galdu hortik zabalduz goazen hori: Umore ona!