Ander Edo: 'Lanak, zarata eta aldamioak'
Denbora pasa da Loiolako geltokiko lanak berriro abian jarri zirenetik. Auzotarren mobilizazioek eragin zuten blokeatuta zegoen egoera bat berriro martxan jartzea. Orduz geroztik lanak, zaratak eta aldamioak bueltatu dira gure auzora. Aurreko astean bada, aldamio berezi bat jarri zuten Atari eder inguruan. Metalezko eskailerek auzotarren kuriositatea piztu zuen. Zer izango ote da? Zertarako jarri dute? Izan ere langileek beste bide batzuk erabili izan dituzte topoko lanetara iristeko. Asteazkenean argitu ziren zalantza guztiak. Trajearen gainean txalekoa eta kaskoa jantzia azaldu ziren EAEko lehendakari Iñigo Urkullu, Donostiako alkate Eneko Goia eta Ana Oregi kontseilaria (hainbat lagun gehiagorekin). Eta noski, ordurarte langileek erabilitako sarbideak ez ziren nahikoa egokiak gure ordezkarientzat.
Hainbat lagunentzako deigarria izan da bisita hau, bereziki, lanak amaitu gabe daudenean. Hurrengo urtearen hasieran dira amaitzekoak, baina batek daki zergatik, bisita orain egitea erabaki zuten. Ez naiz ni analista politikoa, baino udazkeneko zita elektoralak zerikusia izan dezakeela esango nuke. Pare bat argazki atera (argazkietan langileren bat azaldu badaiteke hobeto), proiektuak izango dituen onurak azpimarratu, politikari batzuk hainbeste maite dituzten infografia batzuk ikusi eta listo. Bisita amaituta egoera bere onera bueltatu da. Lanek jarraitzen dute, zaratak bere hortan dirau, auzoko soinu banda bihurtzen ari delarik eta aldamioak bere lekuan jarraitzen du, baina langileek ez dute erabiltzen, aldamio hori ez baita langileentzat.