Ander Edo: 'Txokolate jatea egiteko argibideak'
Zer behar da txokolate jatea egiteko? Txokolatea, hau prestatzeko tresna egokiak, edalontziak (berrerabilgarriak badira hobe) eta txokolate jatea egiteko gogoa. Ziurrenik hau etorri zaizu burura, eta ez da arraroa, izan ere erantzunik zentzudunena da.
Antzeko ekitaldiren bat antolatu baduzu, ordea, gauza gehiago ere behar dituzula jakingo duzu. Adibidez, txokolatea prestatu eta zerbitzatuko duten lagun batzuk, eta noski, badakizu ere komeni dela txokolate jatearen aurretik hainbat irizpide zehaztea. Esaterako: zenbat edalontzi pertsonako? Bilobarentzako har daiteke txokolatea, ustezko biloba hori ikusten ez baduzu ere? Zenbat txokolate irents dezake «biloba» batek? Badaezpa ere komeni da aurretik gauza hauek pentsatuta eramatea.
Bai, aipatutako kontu hauek beharko dituzu. Baina adi! Txokolatea kalean eman behar baduzu ez ahaztu Janariak edo edariak prestatzeko eta zerbitzatzeko jarduerak bide publikoan egiteko baimena. Eduki eskura ere Elikagaiak maneiatzeko agiria (egunean noski). Badaezpada, bete ezazu Bide publikoan erabilpen ez esanguratsuak diren jarduera eta festak egiteko baimena, baina kontuz! Ekitaldia egin baino 15 egun lehenago aurkeztu beharko duzu!
Konturatuko zinen momentu batean nola konplikatu zaigun txokolate jate xume bat egitearen kontu hau. Lehen gogoak bazenituen, agian kendu zaizkizu eta dagoeneko txokolatea etxean hartzea ez zaizu hain ideia txarra iruditzen. Lasai, urtean dozenaka txokolate jate prestatzen dira gurean eta esango nuke tramite hauek guztiak betetzen ez direla. Eskakizun hauek, ordea, hor daude eta zenbaitetan gainditu beharreko hormak bilakatzen dira zerbait antolatu nahi duenarentzat. Izan ere, eta hau harrigarria irudituko zaie hainbati, txokolate jatea antolatu nahi duten pertsonak ez dute beti gestoria batean lan egiten. Azkenean txokolate jate batean paperek muturra garbitzeko besterik ez lukete izan beharko.