Ane Urrutikoetxea: 'Bizilagunak joan zaizkigu'
Auzotik auzora salto egin du Irutxuloko Hitzak; mendi muino bat utzi du, beste bat konkistatzeko. Urte luzez Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteareakin eta Gaztezulo aldizkariarekin Aiteteko Katalina Eleizegi kaleko 36. zenbakia elkarbanatu ondoren, aro berri bati ekin dio Egia auzoan, Ametzagaña kaleko 19. zenbakian.
Zelako abentura! Irudikatu ezazue une batez erredakzio oso bat hiriko punta batetik bestera eramateak suposatzen duena; ordenagailuak, artxiboak, imprimagailua, mahaiak, aulkiak… Furgoneta erraldoi bat eta langileen beso indartsuak nahikoak izan dira mudantza titanikoa burutzeko.
Ilusio handiarekin ekin dio Irutxuloko lantaldeak aro berriari; orain, Joxemi Zumalabe Fundazioa eta Egia Bizirik auzo elkartea izango dituzte bizilagun. Gaztezuloko mahakideok faltan botatzen ditugu dagoeneko; erredakzio txikiotan giro zoro eta alaia izaten dugu, eta batzuen ateraldiak zein besteen barre algara basatiak dagoeneko ez dute Katalina Eleizegiko zuloa betetzen, ezta bazkalorduan sortzen ziren joan-etorriak zein sabela asebete osteko solasaldi builosoak, tupperretako janari lurrinak oraindik airean dantzan. Dagoeneko ez dugu ostegunetako zierreko tentsio eta zirrara arnasten, ezta bileretako ideia-zurrunbiloa sumatzen.
Polita da komunikabideetako erredakzioetako giroa; inoiz ez baduzu halakorik ikusi, gaur 18.30ean Irutxuloko gortoleku berrira hurbiltzea proposatzen dizut. Inaugurazio festa itzela antolatu dute, lunch eta guzti; ondoren, Le Bukowskira joango dira. Bertan, Izarne Zelaia bertsolariarekin hasiko da benetako festa; jarraian, Harkaitz Canok eta Ion Olanok Martiriaren postalak poesia irakurriko dute. Nerea Arriolak hartuko du erreleboa umorezko bakarrizketarekin, eta amaierarako plater moduan, Physis versus Pelaxen kontzertua izango duzu.
Faltan botatzen ditugu bizilagunak, eta muinotik muinora, zorterik onena opa diegu hastera doazen etapa berriarekin. Hotz gutxiago pasako dute neguan, argi izpi goxoez gozatuko dute udan, eta zeinek daki, beharbada hiritar gehiagoren bozgorailu bihurtzen lagunduko die auzo berriak. Hala bedi!