Ane Urrutikoetxea: 'Carpe Diem'
Goizero bezala, jo du sakelako iratzargailuak. Urteak dira iratzargailu bat propio erabiltzeari utzi zeniola; zertarako behar duzu ba? Loalditik iratzarri zaituen doinu errepikakorra itzali, eta oraindik enfokatzeko zailtasuna duten zure begi lausoek automatikoki sakatzen dituzte pantailako botoiak; WhatsApp, Twitter, Facebook, Instagram, emailak… konturatzerako, 15 minutu daramazu ohean gautxori batek baino begi handiagoekin. Gaur gosaria azkarrago irentsi beharko duzu.
Jaiki zara, eta eguneko lehen kafearen lurrina irratiko doinu monotonoarekin nahasten den bitartean, berriro jo duzu Facebookera; zure kontaktuetako batek bere azken bidaiaren argazkiak partekatu ditu. 40 bat argazki dira, eta kamera profesional batekin aterata dirudite, National Geographic-en erreportajeekin alderatzeko modukoak. Herrialde exotiko bat, argi ederra, irribarreak, alaitasun lurrina nonahi… Zoriontasunaren isla argia dira.
Korrika batean komunera zoazela, denboraz nahiko larri, azken asteetan publikatu dituzun argazkiak errepasatzen dituzu; jada, asteburuan herrira egindako bisitaz partekatutako argazkiak ez dizute ezer esaten. Aurten egin ditzakezun bidaiekin amesten hasi zara; zelako argazki ederrak atera zenitzake Tailandian…
Atera zara kalera, baina zure begiek sakelako pantailara itsatsirik jarraitzen dute. Zure argazkiak errepasatzen jarraitzen duzu, zoriontsu izan zinen une horiek gogora ekartzen. Zergatik ez zara gogoratzen? Arrastiri eder baten irudiarekin egin duzu topo; benetan horren ederra izan ote zen, hala filtroren bat sartu zenion, lagunak txunditzeko?
Facebook freskatu, eta beste lagun baten argazki berria agertu zaizu. Izenburuan, honakoa irakurri daiteke: “Take me back to summer paradise” (Eraman nazazu udako paradisura bueltan). Positibismo eta alaitasun gaindosiaz nazkatuta, telefonoa zokoratu duzu azkenik, aplikazio batek zoriontsua zarela gogorarazi ez dizun azken uneaz gogoratzen saiatzen zaren bitartean. Begirada altxata, egunsenti eder batekin egin duzu topo; filtrorik gabeko egunsenti xume bat da. Argazkirik ez diozu egin; irudi hau zuretzat gordetzea erabaki duzu, behingoz, unea biziz.