Ane Urrutikoetxea: 'Dominak eta galoiak'
Festen ajea dagoeneko pasa zaigu donostiarroi, baina ezin ahaztu aurtengo sansebastianek utzi diguten zapore mikatz antzekoa, zintzurrean zerbait trabatuta gelditu izan balitzaigu bezala. Urrezko Danborraren inguruko polemika eta gertaera-kate geroz eta patetikoagoak agerian utzi du sarien atzean ezkutatzen den faltsukeriaz mozorrotutako mekanismo herdoildua.
Barkatuko dizkidazue hitzok, baina Urrezko Danborraren kulebroia anekdotikoa baino gehiago, sintomatikoa iruditu zait niri. Udal Gobernua barregarri gelditu da ados jartzeko gaitasun eza agerian utzita; halako gai xume eta itxuraz errazaren inguruan komunikaziorik ez badute, nola demontre konponduko ote dira pisu handiko erabakiak hartzeko orduan?
Imajinatzen dut Angels Barcelo gajoak ez duela hiria tarte luze batean bisitatuko, berak eskatu gabe eta bertako agintarien erruz, polemika absurdu baten erdigunean ikusi baitu murgilduta bere izena. Eta ez dezagun ahaztu, kazetariaren izena atera aurretik izan zela sariari uko egin zionik. Ez, donostiarrok ez dugu ezer Barceloren aurka, baina bai boterea beren kapritxoak asetzeko libreki erabiltzen dutenen agintarien aurka.
Hiritar merezimenduaren dominekin ere, bere burua zuritu nahi izan du Udalak; Jakintza ikastolako ikasle ohien dominarekin lotutako istorioa xamurra bai, baina errealitatetik aldenduta eta distortsionatutako ipuin polita besterik ez da. Ahanzturan utzi dituzte urtetan gogor borrokatutako gurasoen esfortzuak.
Dominak eta galoiak, urrezko danborrak, urrezko bostekoak. Urtean behin herritar anonimoen lana saritzeko parafernalia politak dira, baina herritar horien lana zintzoki eskertu baino, Udalak bere irudia edertu eta puzteko erabiltzen ditu hotsandiko sari banaketa ekitaldi horiek.
Zinegotziak dotore eta irribarretsu ikusten ditugu kameren aurrean, urrezko aretoaren erdian zutik dauden uneko sarituei txaloka. Baina saritu horiek gutxi irauten dute aretoan; berandu baino lehen, errealitatean dagokien lekura bueltatuko dira.
Azken gertaerak ikusita, neure buruari galdetzen diot, sariak ez ote diren boteredunei egoa puzteko aitzakia, benetan herritarrei plaza emateko aukera baino gehiago.