Festara
Aste honetan, donostiarrok bereziki maite dugun 24 orduko festak hatz artetik ihes egin digu. 2021 urteko lehena da, baina ez azkena; inauterien bezpera iragartzen duen San Sebastian egun ezak argi utzi digu aurten ez direla otsaileko kalderero eta mozorro festak ospatuko, eta ziur aski, ia urte osoan zehar errepikatuko dira festarik gabeko jai arraro hauek.
Pixkanaka, pandemiaren amesgaiztoa hasi zen egunetik urtebete betetzera goaz, eta hilabete luze hauetan ugariak dira ospatu gabe utzitako data esanguratsuak. Egin dira jaiak beste modu batera ospatzeko saiakerak; hala, San Sebastian eguna besterik gabe igaro ez zedin, hainbat bideo grabatu dira hirian, dela danbor eta upel jotzaileekin zein hiriko abesbatza eta musikariekin. Horrekin batera, banderak banatu dituzte, eta hiriko bandera Donostia Ospitaleari eskaini diote, bertako langileei omenaldia eginez. Baina, saiakera guzti horiekin ere, festa deitu ote dakioke aurtengo urtarrilaren 20ko ekintza eta proposamenei?
Zer da benetan festa? Zergatik ospatzen ditugu egun seinalatu guztiak? Santuari gorazarre egiteko? Bandera bat ala ereserki bat harrotasunez zabaltzeko? Mozorro landu bat urtean behin erakusteko? Nire uste apalean, horiek guztiak aitzakia txikiak besterik ez dira, benetan festara deitzen gaituena geure sena baita. Ospatzeko, dantzatzeko, kantatzeko, elkartzeko eta ondo pasatzeko behar primitiboa.
Odolean iltzatuta daramagun ospatzeko grina basatiak bultzatzen gaitu festara, batez ere, gauak ilargirik ez duenean eta iluntasunak mundua irentsi duenean; orduan, arbasoek suaren baitan ospatzen zuten bizitza, elkartasuna, komunitatea. Hori da edozein festaren arima; beldurraren aurrean, alaitasun eta poztasunaren argia elkarrekin pizteko adorea izatea. Horregatik, esango nuke aurten ezetz, oraindik ez dugula ezer ospatzeko aukerarik izan; zorte apur batekin, berandu baino lehen amaituko da amesgaizto hau, eta berriro entzungo dugu deiadarra, ozen: festara!