Ane Urrutikoetxea: 'Gerran gaude'
Atzo jakin genuen sententzia. Erasoa gertatu eta ia bi urtera eman dute 2016ko sanferminetan emakume bati taldean egindako erasoari buruzko epaia. Ez dago 18 urteko neska horrek jasan zuena gogora ekartzeko beharrik; beldurrezko istorio nazkagarri horrek izan zuen gauza on bakarra, biktima bizirik atera zela infernu horretatik. Hiru ziren zigorra jartzeko ardura zuten epaiak; batek boto partikularra eman du, taldean bortxatu, bai, BORTXATU zuten bost gizonak absolbitzeko eskatuz. Beste biek aldiz, bederatzi urteko espetxea ezarri diete, fiskalak eskatutakoa baino dezente gutxiago. Hori da neska bat taldean bortxatzearen, barkatu, sexualki abusatzearen prezioa.
Guzti honetan semantikak izan duen garrantzia ulertzeko, adi epaileek kontutan izan dutenari: sanferminetako gau beldurgarri horretan neskak bere burua bost gizonez inguraturik ikusi eta bertatik bizirik ateratzeko erreguan erresistentziarik jarri ez zuenez, eta beraz, gizonek zakilak bere gorputzean sartzeko zailtasunik topatu ez zutenez, ez zen bortxaketa izan. Bost axola neskak bere oniritzia eman zuen edo ez; ez zen erasotzaileetako baten zakila hozkatzera, beste bati ostikoz barrabilak apurtzera edota hirugarren bati hatzak begietan sartzera ausartu. Eta ez hori bakarrik; gizon horiek ez zuten bere gorputza jipoitzea erabaki, bere zulo guztiak inbaditu zituzten arren. Hori guztia gertatu ez zenez, hiztegi juridikoaren arabera, ez zen bortxaketarik gertatu.
Atzoko sententzia garrantzitsua zen, bertan erabakitzen zenak emakume guztioi eragiten digulako. Hartutako erabakia ikusirik, emakume guztiok bortxatu gaituzte. Izan ere, zer egin behar du justiziak babestutako indarkeria matxista honen hurrengo biktimak? Salatu? Epaitegietara jo? Zertarako? Erasotzaileek detektibe bat jarri diezaioten, erasoen ondoren bizitza normala egitera ausartu delako? Bizitza osorako kondena publikoa jasateko? Bere erasotzaileak kalean libre ikusteko, berari gertatu zitzaiona horren larria ez zela gogoraraziz? Gizarteari emakume batek jasan dezakeena bost axola zaiola ulertzeko?