“Animalistak eta tradizioa” artikuluari erantzun antiespezista
Xabier Arregi Gordoak 2016ko uztailaren 31ean Berria aldizkarian eta medio desberdinetan argitaratutako artikuluari erantzun nahi izan dio Askekintza taldeak, gure ekintza eta posizioei erreferentzia egiten diela ulertzen baitugu.
Lehenik eta behin argi utzi behar dugu kontzeptu ugari oker ulertu dituzula. Gure helburua ez da inoiz izan “animaliek jasan dezaketen oinazea eragoztea” zuk esan bezala, guk honakoa defendatu dugu beti: animalien erabilera oro baztertzea igualitarismoan oinarrituta.
Teoria etiko eta politiko honen arabera, pareko interesei pareko pisu bera zor diegu. Animalia guztiok sentitzeko gaitasuna dugu, nerbio sistema zentrala dugulako eta horregatik, esperientzia positiboak bizi eta negatiboak ekiditeko interes berdina dugu. Kontzeptu hauetan oinarrituta edozein norbanakoren erabilera injustua da, ematen zaion tratua kontutan hartu gabe. Hauxe da zuk aipatzen duzun Peter Singerrek defendatzen duena eta ez dira hauek argumentu “moralistak”. Guk, hauetan oinarrituta Animalien Askapena defendatzen daramazkigu urteak, edozein esparrutan.
Bestalde, “animalien eskubideak” edo “antiespezismoa” kontzeptu antropozentristatzat definitzen dituzu. Gizakiak asmatu baditu ere hauek animalia guztion interesak maila berean jartzen dituzte gizakia erdigunetik ezabatuz, antropozentrismoak egiten duenaren kontrakoa.
Aldiz, animalia baten erabilera beste baten diru iturria delako justifikatzea bada antropozentrista, eta oso gainera. Antropozentrikoa da esatea beste animalia bat erakustean “horien jabeek haiek zaintzeko eta babesteko erakusten duten arretaren, kontuaren eta gozotasunaren aitortza modura” balio dutela. Konturatzen zara Arregi Jauna, “jabe” hitza erabiltzen ari zarela beste animalia bati erreferentzia eginez? Jarri ezazu txerri edo astoaren lekuan gizakia eta konturatuko zara jarrera antropozentrista, eta espezista, zuk duzula.
Paragrafo berean diozu baserri eta “ikuskizun” uztartzen duten jarduera hauetan hartu-eman bat dagoela. Hartu eman bat izateko batek eman eta besteak hartu, eta kontrako bidean berdina gertutatu beharko litzateke. Idiek, astoek, txerriek eta erabiltzen ditugun animalia guztiek ez dute ezer ematen. Kendu egiten diegu. Animalia horiek bere kabuz ez dira joaten ez Usurbilgo plazara harritik tiraka ibiltzera ezta sokamuturraren soka lepoa jartzera, eta inolaz ere ez dira beraien kabuz hiltegira joaten. Ez esan gezurrik, mesedez.
Animaliak ezagutzeko aukera dela diozu ere, baita funtzio pedagogikoa izan dezakeela esatera atrebitzen zara, animaliek bertan “berezko sena” erakusten dutelako. Ume batentzat zein modutan da pedagogikoa ikustea nola gizon batzuek idi bat behartzen duten harri batetik tiraka ibiltzera beraien harteko apustu grina asetzeko aitzakiarekin? Nola izan daiteke gaztetxo batentzat onuragarria normalizatzea asto baten gainean lasterketak egiten ibiltzea? Jarduera hauek gure hurrengo generazioei enpatia falta, diskriminazio injustu eta errespetu eza transmititzen diete, ez beste ezer.
Baduzu arrazoia esanez beste “ikuskizun” batzuetan animaliak ere errespetu gutxiz tratatzen direla. Argi dago da lasterketa batean edo sokamuturran esplotatua den animaliaren eskubideak berdin zapaltzen direla. Hala ere, sufrimendu gehiago balitz horietan euskal ohituren parte direnetan baino baino, justifikatuko luke bata besteak? Hau da, justifika daiteke jokabide injustu bat beste “okerrago” bat existitzen delako?
Animaliak maitatzeko eta errespetatzeko modu esklusiborik ez dagoela diozu, eta oker zaude. Esplotatzaile batek “bere” animaliak proxeneta batek “bere” emakumeak bezainbeste maite ditu. Nola bestela uler daitezke “ganadu” feriak? Hala ere, gurea ez da maitasun kontua, ez baita beharrezkoa beste espezieetako animaliak maitatzea hauek errespetatzeko, arrazista ez izateko beltzak edo asiatikoak maitatzea beharrezkoa ez den bezala. Hau errespetu kontua da, eta errespetu kontuetan A hala B, ez dago besterik. Edo esplotatzaileen eta espezismoaren aldean zaude edo askatasunaren eta beganismoaren aldean. Aukeratu beharra dago.
Zuk ere, taurizidek, homofoboek edo matxistek bezala, tradizioarekin justifikatu nahi duzu indarkeria espezista. Gure kulturaren baitan dago espezismoa, eta oso errotuta gainera, baina iraganean utzi behar dugu hau, baleak hiltzen zituzten euskaldunak edo gure kultura homofoboa bezala. Euskaldunak beti izan dugu gizarte justuago bat izateko grina, eta gure erroetan dago ere gure inguruan bizi direnak errespetatzea. Badakigulako zer den zapalduak izatea, ez dugu beste batzuk gure zapalduak izatea nahi.
Laboak zioen, Euskal abesti tradizionalaren doinu handienetako batean, hegoak ebaki bagenizkio ez zela txoria izango. Entzun berriz abestia eta errebisatu zure pribilegioak, Arregi jauna.