'Antoine eta hamar gehiago'
Aritz Sorzabal, kazetaria. Xabier Etxaniz Rojori lapurtu diot titularra. Hain zuzen ere, aste honetako ‘Futbologia’n, idazle donostiarrak Antoine Griezmann gogoko duela argi utzi du, bihar, Mallorcaren aurkako partidan jokalari frantziarra eta beste hamar jokalari zelairatuko direla aurreratuz; ezkertiar gaztea sasoiko dagoelako, are eta gehiago erasoko punta-erdiko bere kokapen berrian.
Bada, Mallorcaren aurkako lehiaren bezperan, hainbat taldek txuri-urdina fitxatu nahi dutela bolo-bolo dagoenean –Athleticek, barne–, Realarekin kontratua luzatu du. 2015a arte zuen sinatuta; atzo, urtebete gehiago Donostian izango dela berretsi zuen Aperribaik gidatutako klubak. Horrenbestez, denboraldi honetan bakarrik ez, ondo bidean, 2016a arte izango dugu Antoine eta hamar gehiago hasierako hamaikakoan. Eta hori oso albiste ona da Reala eta realzaleentzat. Xabier Etxaniz Rojori galdetu, bestela.
Futbola utzita, Anoetatik Illunbera jauzia eginez gero, saskibaloian etorkizuna horren baikorra ez dela iruditzen zait. Griezmann Realeko kuttuna bada, Jimmy Baron Lagun Aro Gipuzkoa Basketena zen. Eta hara non, herenegun jakin genuen Rhode Islandeko hegaleko fina Donostia utzi eta Errusiara doala, Lokomotiv taldean jokatzeko.
Donostiarrek zail izango dute hutsune hori betetzea, are eta gehiago aurtengo udan Andy Pankok eta Sergi Vidalek agur esan eta gero. Izan ere, Baron, Panko eta Vidal izan ziren iaz taldearen bizkarrezurra.
Sito Alonsorekin izandako tirabira konponduta, entrenatzailea Lagun Aroren denboraldi bikainaren erantzule nagusietako bat izan zela jakinik, Gipuzkoa Basketen kasuan, Alonso eta bost gehiago esan beharko dugu sasoi berriari modu baikorrean ekiteko.

