'Argi geratu da berriro'
Orreagako gudua 778ko abuztuaren 15ean gertatu zen. Hain zuzen ere, Karlomagnoren gudarosteko atzegoardiak sekulako porrota jasan zuen egun horretan, Ibañetako mendatearen haitzartean, baskoiek ezustean harrapatu eta gero.
Bataila horretan euskaldunek Bretainiako Markako prefeta eta Karlomagnoren iloba Errolan garaitu eta bertan hil zuten. Europan kondaira bat zen Errolan eta bere ezpata, Durandal. Botere magikoak zituela zioten, eta garai hartan ez zuen inork garaitzerik izan… euskaldunekin topo egin zuen arte.
Orreagakoa euskaldunek irabazitako gudu bakarra dela diote, baina badira beste garaipen batzuk, borroka txiki asko, garrantzitsuak izan direnak; bakoitza bere garaira egokituta, bakoitza testuinguru konkretu batekin lotuta. Hain justu, ondorengo orduetan gertatzen dena gertatuta ere, azken garaipena egunotan erdietsi dute Bulebarrean. Herri harresia eraiki dute bertan, desobedientzia zibila oinarri. 778. urtean Urgullera igoko ziren, babes bila, harriz hornituta, armada ezustean harrapatzeko. Garai berri hauetan, ordea, erresistentzia pasiboaren bidea erabili dute, euren bila etorri direnak armak eskuan izan arren, duela hamahiru mende bezala.
Gazteek heldutasun handia erakutsi dute, eredu izan dira eta konponketarako garaia dela ulertu dute euren jarrerarekin, liskarrak saihestuz; Madrilek, Auzitegi Gorenaren epaia dela eta, eta Gasteizek, Ertzaintza lan zikina egitera bidaltzeagatik, ordea, betiko formulekin jarraitu dute. Gatazka politikoa konpontzeko borondatea nork duen argi geratu da berriro.


