Argiztapena
Donostiako Udaleko hirigintzako arduradunak:
Irakurri berri dut Aste Nagusiko jaiak direla eta, Donostiako Udalak Zurriola gunean indartu egingo duela argiztapena jaietan gertatu ohi diren indarkeria egoerak saihesteko asmoarekin.
Ondo baino hobeto iruditzen zait udalak bere esku dagoen edozein iniziatiba abian jartzea. Baina, hori esanda, zera gaineratu nahi nuke: argiztapena indartzea ezinbestekoa izan beharko luke Donostiako zoko eta bazter ilun guztietan, ez Zurriolan eta jaietako astean soilik. Adibide soil bat jartzearren, atzo gaueko 11:00etan Loiola auzotik Egiarako bidea egin beharra neukan; horretarako, ibai ondoko bidegorria hartu nuen, oinezkoentzako bidea ere badena, eta hori baino zoko ilunagorik, zaindu gabekorik, aspaldi ikusi gabe nago: hamaika kaleargitan bonbillak itzalita, agortuta, nonbait.
Ez dut zertan beldurrik izan kale ilun batetik pasa beharra daukadalako, baina beldurra eta amorrua sentitu nituen batera, eta errealitatea hori da. Izurik gabe, nahi dudan tokitik ibiltzeko libre sentitu nahi dut.
Beraz, honen bitartez, udalari eskatu nahi diot ardura handiagoa jar dezan kale eta zoko guztien argiztapenean, kaleargien mantentze lanetan, eta, ahal bada urtearen hirurehun eta hirurogeitabost egunetan.
Besterik gabe,