Aritz Sorzabal: 'Behin batean Ibaetan'
Plazaz plaza jarraitzen du oraindik, 62 urte izan arren. Musikaz girotu zuen azkena Ibaetakoa izan zen, igandean, bertako jaiak zirela eta.
Ahotsa entzun bezain pronto eszenatokira begira jarri nintzen, abeslaria zein zen jakin-minez. Taulara gerturatu ahala, eszenatokiaren atzealdean taldearen izena letra larriz idatzita zegoela jabetu baino lehen, buruan nuen kantaria zela ohartu nintzen berehala; biboteak ez zuen gezurrik esaten.
Urteen orbainak nabari zaizkio Xabier Saldias azpeitiarrari, baina, entzun nuenaren arabera, bere ikuskizuna garai berrietara ederki egokitu duela esan daiteke. Egan taldeko dantzaldi mitikoetan kantatu ohi zituen abestiez gain, errepertorioa nazioarteko kantuekin aberastu dute bai berak eta baita bere taldekideek ere. «Hobetu duela esango nuke», adierazi zuen lehen lerroan zegoen neska lirain batek. Hain zuzen ere, neska horri ez zion begirik kendu Saldiasek, ezta eszenatokitik plazara jaitsi eta jendearen artean abesten jarraitu zuenean ere, behin batean Loiolan ikusi zuten neskatxa hura bezain polita zela ohartuta.
Aparteko limurtzailea izan da beti Saldias, lorez lore ibiltzen direnen antzekoa. Dantzaldiak bukatu eta gero egindakoekin liburu bat idazteko izango du ziurrenik, baina gau hartan ez zuen zorterik izan aukeratutako emakumearekin. Abestiak ahapetik kantatu bazituen ere, abeslariaren dohainak aitortu zituen arren, Ibaetako neskak ondoko mutilarekin joatea erabaki zuen; etxera, autora edo bazter ilun batera, nork daki. Urteek ez baitute barkatzen, are eta gehiago mirestutakoa mireslearen aita izan daitekeenean.