Aritz Sorzabal: 'Beti geratuko da Paris'
Aritz Sorzabal, kazetaria.
Amaitu egin zen. Sei urteko maitasun istorioa bi egun eskasetan bukatu egin zen, zorionak bizitza osoan iraun zezakeela pentsatu zuen arren, une latzak etorriko ez zirelakoan. Dena utzi zuen harengatik, pasioaren kolorearen alde egin zuen apustu, baina orain inoiz baino bakartiago sentitzen zen, ondoan ez zuela ohartuta.
Ametsetik esnatu bezain pronto, errealitatearen jabe izan zen; galtzaile bat zen, urte hauetan guztietan irabazle sena zuela pentsatu bazuen ere. Lanik gabe, hipoteka ezin ordainduta eta emaztea eta seme-alabak urruti, euren bizitza berriz antolatzen, negar batean ari zen. Hala ere, txikikeria horiek ez zuten kezkatzen, eragingarririk gabe geratu izana baizik. Hilabete bukaerara iritsiko ote zen beldur baino, bere kezka uztailaren 13ra iristea zen; asteazkenera arte behintzat data hori zuen helburu, baina, erlazioa etenda, jada ez zuen baliorik.
“Beti geratuko zaigu Paris”, esan zion bere buruari, gehiegi sinetsi gabe. Eta pentsamendu horrekin 2016. urteko Frantziako Eurokopari begira jarri zen dagoeneko.