'Joni galdetu'
Egiako epaitegira joan ginen astelehenean, Jon babestera. Une gogorra pasatzen ari da, aste honetan ez ezik, beste hainbatetan ere joan behar izan baitu Atotxa aldera; seme-alaben zaintza partekatuaren alde borrokatzeko, kasu horretan. Oraingoan, 20 urtez enpresa berdinean lanean egon eta gero, bere kaleratzearen kalte-ordaina zegoen jokoan. 90.000 euro edo ezer ez.
Errusiar erruleta izango zela ohartarazi zion abokatuak, enpresariaren eskaintza onartu ezean: 35.000 euro, hain justu. Negoziatzeko aukerarik gabe, epailearen goiz hartako aldartearen menpe egon ez arren, kopuru hori poltsikoratzea erabaki zuen bere lagun minaren gomendioa jarraituta, egoera bidegabea zela jakinda ere; krisi garaian gertatzen ari diren kaleratzeak bezain bidegabea, alegia.
Epaitegiaren laugarren solairuan Jon gehiago zeuden. Gizon multzo bat nuen aurrean, sindikatuko bi ordezkarirekin hitz egiten. Geratzen zitzaizkien opor egunen erdia kobratzea omen zen eskaintza. «Inposaketa» hitza erabili zuen langileen ordezkariak, enpresaren proposamena onartzea besterik ez zutelako. Eskubideak salgai berriro, edozein azokatan baino mugatuago, gainera; tratua egiteko aukerarik gabe.
Urraketa gauzatuta, laugarren solairua utzi eta lehenengora jaitsi ginen Jonekin, kalera irtetzeko asmoz. Epaitegia beteta zegoen. Aurpegi ezagun bat ere ikusi nuen; Gipuzkoa Basketeko presidente Alvaro Bilbao. Lekuko gisa deituta zegoen, Bruesa enpresaren aurkako auzi-eske bat zela eta, Sogesplanur enpresak aurkeztuta. Kaudimengabe deklaratu ondoren, Bruesa hartzekodunen lehiaketan da 2011az geroztik, hainbat lan ordain eta zor ezin ordainduta. Borreroa biktima? Bost axola, inoiz baino arrazoi gehiago baitaude enpresariei errukirik ez izateko. Joni galdetu, bestela.