Arkitekturaren Nazioarteko Eguna: arkitektura, ondarea eta… osasuna
Urtero legez Arkitekturaren Nazioarteko Eguna izan da urriko lehen astelehenean. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren Gipuzkoako ordezkaritzatik arkitekturak eta hirigintzak egunerokoan duten garrantzia aldarrikatu nahi izan dugu. Arkitektura kultura delako, gure herriaren nortasunaren ikurra, eta hein horretan, gure ondarearen babesean eta dibulgazioan lanean jarraitu behar dugu. Baina arkitektura osasuna ere bada, eta jakitun gara osasunean eragiten duten gizarte-determinatzaileen %80 osasun-sistematik kanpo daudela: besteak beste, gure etxeetako ezaugarrien menpe eta gure herriak eta hiriak antolatzeko eta eratzeko moduaren menpe.
Arkitekturaren Nazioarteko Batasunaren hitzak gure egiten ditugu eta zera nabarmendu nahi dugu «arkitektoek arkitektura-diseinuak eta hiri-plangintzak pertsonen ongizatea bermatzeko eta haien banakako zein taldeko bizi-kalitatea hobetzeko duten balioa, gizartearen errealitateak aldatzen dituztelako eta disparekotasuna murrizten dutelako. Arkitektura onak ingurumenaren, gizakion eta animalien osasuna babesten, garatzen eta leheneratzen du gaixotasunak agertzearen aurrean, eta eraikitako ingurunearen eta natura ingurunearen arteko lotura sendotzen du».
Gure etxebizitzak, eraikinak eta auzoak birgaitu behar ditugu, eta orain hori egiteko aukera zabaldu zaigu Europatik iristen ari diren laguntzekin. Klima-aldaketaren aurkako borroka gure lehentasunetako bat den garai honetan, bizi garen ingurunea babesteko lan egin behar dugu, gure etxeetan eroso bizitzeko behar dugun energia-kontsumoa ahalik eta gehien mugatuz. Jasaten ari garen gerraren ondorioz energiaren prezioak izan duen igoerak prozesua bizkortu besterik ez du egin energiaren eskaria eta kontsumoa mugatzeko.
Honekin batera, ez dugu ahaztu behar gure eraikinen eta auzoen irisgarritasuna hobetu egin behar dela, pertsonen ongizatearen eta osasunaren alde egingo duten eta planetaren etorkizuna eta gure herri eta eraikinen berezitasunak zainduko dituzten esku-hartzeekin.
Mezu hau helarazi nahi izan diegu herritarrei aste honetan, Pablo Zabaloren Ramon Maria Liliko eraikin arrazionalistan egin dugun bideo mapping proiekzioarekin: modu ikusgarri batean erakutsi nahi izan dugu ondarea babestea ez dagoela birgaitzearekin lehian. Eraikinak bizirik mantentzeko garai desberdinetara egokitu behar dira, baina aldi berean esentzia hori mantentzea posible da