Arnasgune bat itotzen ari den auzoan
Donostia, oso-osorik, turistek okupatua izan da… Osorik? Ez, Urgull mendiaren magalean dagoen eraikin batean, erresistentzian dihardute hamarnaka gaztek!
Orokorra da antolakuntza politikoa sustatzeko espazioen beharra, zeinetan, besteak beste, askotariko ekimen kulturalak, musikalak, formakuntza saioak, tailerrak, liburu aurkezpenak, emanaldi eta proiekzioak antolatzen diren. Gainera, euskararen aurkako oldarraldi betean, ezin dugu ahaztu, horrelako espazioak euskararen eta euskal kulturaren arnasgune ere badirela. Honen adibide dira, Donostiako Alde Zaharrean proiektu autogestionatu eta komunitarioak sortu eta garatzeko asmoz zabaldu ziren Uxotegi Gaztetxea, Bretxako Auzo Lokala, Kijera Gaztetxea eta duela gutxi desalojatuak izan diren Kantauri edota Birunda espazio okupatuak.
Bide horretan egindako lanaren emaitza izan da, ehunka gaztek, auzoko eta Donostiako kultur elkarte, jai batzorde eta eragile ugariren laguntzarekin batera, Guardetxeko proiektu berri honi hasiera eman izana. Autogestioa helburu eta auzolana oinarri, ekimen kolektibo eredugarri honen bitartez, 6 urtez hutsik eta abandonatuta egon den Guardetxeko ateak berriro zabaldu ditugu. Bonbardaketa komunikatibo eta erreforma juridikoen bidez, okupazioa tresna gisa kriminalizatzen saiatzen dira, baina hain larria al da espazio hutsak ireki, garbitu, konpondu eta etxebizitza edo auzoko sare komunitarioa ehuntzeko proiektuak martxan jartzea?
10 urtez kudeatu zuen Guardetxea Banda Bat elkarteak, inolako irabazi asmorik gabe, modu ireki, horizontal eta asanblearioan. 2019. urtean, ordea, Donostiako Udalak, hainbat konponketa egiteko aitzakiaz, eraikina itxi eta gaur arte ez du inolako konponketarik egin. Hori gutxi ez, eta inolako informaziorik eman gabe jarraitzen du konponketen ostean egin beharko lukeen lizitazioaren baldintzen inguruan. Gauzak horrela, Alde Zaharreko hamarnaka elkartek, modu bateratuan, bilera eskaera luzatu diegu Udal Gobernuko ordezkariei, eta bereziki, Gazteria eta Kultura Saileko zinegotziei; esleipen baldintzak adosteko asmoz. Horietako bat, Jon Insausti, Alde Zaharrekoa da sortzez eta berak ondotxo daki, zein larria den auzoko egoera. Gogoan dugu oraindik ere, Santa Teresa konbentua hutsik gelditu zenean, Udaletxeak Orixe Ikastolari eskaintzeko erosketaren promesa faltsuak zer nolako emaitza izan duen.
Turisten argazki kamerek zena eta ez dena betikotzen duten Donostiaren bihotzean, arrotz sentitzen gara bizilagunok. Zer esanik ez Alde Zaharretik kanpo bizitzera kondenatu gaituzten gazteok. Imajinatzen duzue, kapitalaren irabazi asmo ase ezinak guztia merkantilizatu eta erabat gentrifikatu duen auzo honetan, Gaztetxe bat lortzea zer izango litzatekeen?
Argi dugu Gaztetxe eta Gune Autogestionatuen gaitasun eraldatzailea izugarria dela, aspaldi ikasi genuelako Gaztetxe berri bakoitzak ateak zabaltzen dizkiola bestelako mundu bati. Horregatik desalojatzen dituzte kosta ahala kosta, aspaldi hutsik eta erabilpenik gabe dauden lokal eta eraikinak, gehienetan haien neurrira egindako marko juridikoa urratu behar badute ere. Hala ere, gazte langileon interes kolektibo eta beharren gainetik, burgesiaren irabazi ekonomikoak lehenesten dituzten horien aurrean, antolatu eta borrokan jarraitzea dagokigu. Tokian tokiko errealitate eta problematikei erantzunez eta alternatiba errealak eraikitzeko baldintzak sortuz.
Euskal Herriko Gazte Asanbladei erresistentzia antolatu eta elkartasun aktiboaren bitartez, desalojo arriskuan dauden Gaztetxeak defendatzera dei egiten diegu, baita Guardetxea ere. Autogestioa saretuz, etorkizuna okupatu!