Arrano galduak

Antifaxistek 1936an Loiolako kuarteletatik faxistei hartutako banderak, Gipuzkoako Aldundiaren balkoian.La Tarde
XVII., XVIII. eta XIX. legio erromatarrek Germanian beren arranoa galdu zuten, geroago arranoren bat aurkitu bazuten ere. Bestalde, IX. Hispana legioa Britainian desagertu zen, arranoa eta estandarte ikurrekin batera. Beste batzuei ere gauza bera gertatu zitzaien. Hau legio batek jasan lezakeen umiliaziorik handiena zen, eta inperioak galdutako ikurrak aurkitzeko ahaleginik bizienak burutzen zituen.
1945eko ekainaren 24an, Moskuko Plaza Gorrian egindako garaipenaren desfilean, Armada Gorriak indar alemaniarrei gerlan hartutako estandarte eta bandera guztiak garaile gisa lurrera jaurti zituzten. Ikur hau oso indartsua izan zen.
1936ko uztailaren 28an, Donostian izandako estatu kolpe saiakeran, faxistek Loiolako kuarteletan amore eman zuten. Hau Urumea ibaiaren gaineko zubian gertatu zen, lau parlamentariren aurrean, estatu kolpea jo zutenek ez baitzuten garaipena lortu zuten langileen aurrean amore eman nahi izan, haien ustez, hauek jendaila zirelako.
«Isaac Puente Batailoia sortzeko unean, bandera gorri bat besterik ez zutela konturatu ziren. Emakumezko burkide batek bere barruko arropa kendu zuen, eta horrela bandera gorriari kolore beltza jarri zioten. Sakratuaren desmitifikazioa omen»
Lekukotasunen arabera, faxistei hartutako banderak Gipuzkoako Aldundiaren balkoian jarri zirela banekien, baina hau erakusten duen argazkia lortzeko urteak behar izan ditut. Bilbon 1936ko uztailaren 30ean argitaraturiko La Tarde egunkarian argazki hura aurkitu nuen. Faxistek bandera hauek ez zituzten inoiz ere aurkitu, indar atzerakoiek irailean helburu hau lortzeko ahalegin ugari egin bazituzten ere.
Bestalde, Euskadiko Gudarostean borroka egin zuten CNTko batailoien banderekin zer gertatu zen jakiteak jakin-mina piztu dit beti, baina, bandera hauei buruz, arrastorik txikiena ere ez dugu aurkitu.
Baina errealitate hauen arteko ezberdintasun nagusia aipatuko dizuet. Felix Padinek esanikoaren arabera, Isaac Puente Batailoia sortzeko unean, bandera gorri bat besterik ez zutela konturatu ziren. Emakumezko burkide batek bere barruko arropa kendu egin zuen, eta horrela bandera gorriari kolore beltza jarri zioten. Sakratuaren desmitifikazioa omen.
Ezberdintasun nagusia hauxe da, guk gure bihotzetan mundu berri bat daramagula. Eta hau estandarterik onena da.


