Arraunean jarraitu beharko dugu
“Justiziarekin oso desengainatuta nago”. Hauek izan daitezke Kote Cabezudoren sententziaren berri izan genuenean sentitu genuena hobekien deskribatzen duten hitzak. Desengainua. Atsekabea. Eta ez dira nire hitzak. Biktima batenak baizik. Baina kasu honen inguruan geunden (oraindik gauden eta egoten jarraituko dugun) guztiek sentitzen genuena laburbiltzen duen esaldia bota zidan, sententzia nola hartu zuen galdetu nionean.
Izugarri luzea izan den bidaia baten amaierara iritsi gara, eta ez dugu espero genuen emaitza lortu. Eta askok pentsatuko duzue: nola ez da, ba, 28 urteko espetxe zigor bat emaitza ona izango? Nola egon zaitezkete justiziarekin hain haserre, espetxean gehienez hogei urte igaro badaitezke, eta lortutako zigorra hori baino handiagoa bada? Ez zenuten benetan pentsatuko 2.000 urteko espetxe zigorra ezarriko ziotenik ezta? Zer gehiago lortu nahi zenuten, ba, ia hamar delitu ezberdinengatik zigortua izan bada?
Galdera hauek ez dute erantzun erraza. Hauek eta askoz gehiago egin dizkiot nire buruari sententzia jaso genuenetik, oraingoz guztiz konbentzitzen ez nauten erantzunak soilik lortuz.
Aldi berean, ezin dugu lortutakoa mespretxatu: 28 urte asko dira. Eta ia hamar delitu ezberdinengatik kondenatua izatea lortzea ere ez da lan makala (iruzurra, adingabeak galbidean jartzea, haur pornografia hedatzea, sexu erasoa…) . Sententzia publiko egin zenean lagun eta lankide batek hauxe idatzi zidan: “Mundu honetan gabiltzanok badakigu zer zaila den horrelako sententzia irmo bat lortzea. Beraz lan ona, harro egon zaitezkete!”.
Eta arrazoi osoa du. Baina nola egon pozik, hamar emakumeen delituengatik errugabe deklaratu badute? Nola egon pozik neskatila hauen ametsekin jolastu zuen horrek, ez zituela engainatu epaitu badute? Nola egon pozik nahi ez ziren ukitu eta sexu erasoak ez badituzte delitutzat jo? Nola egon pozik bederatzi urte pasatu ondoren, ez badituzte guztiz sinistu?
Arraunean jarraitu beharko dugu, guk bai sinesten ditugulako.