Askatasuna (II)
Hitza greziar kulturatik dator, beste antzeko hitz asko bezala, antzinako beste kontzeptu asko bezala. Baina gure munduan hitz hau ezaguna egin zen Frantziako Iraultzaren garaian, alegia, 1789ko Liberté, Égalité, Fraternité aldarrikapenarekin.
Garai hori izango da askatasunaren ideia hau munduan zabaltzen hasi zena. Ondorengo urteetan, giza eskubideak definitzen joan ziren eta Bigarren Mundu Gerra ondoren eskubide hauek zedarritzen joan ziren: elkartzeko askatasuna, prentsa askatasuna, adierazpen askatasuna, kontzientzia askatasuna, erlijio askatasuna, pentsamendu askatasuna eta abar. Hau da, arrazoian oinarritutako boterea, giza gaitasuna bere borondatearen arabera jarduteko giza ahalmena.
Mutil koskorretan, etxean Balentin Enbeitaren Askatasun eguzkia basotik urten da… bertsoa eta abestia irakatsi ziguten. Urte batzuk geroago, Euskadi eta Askatasuna erakundea sortu zen. Garai horretan Ez Dok Amairu kantugintza berriaren garaia izan zen. Gure gaztaroan eta helduaroan ere bai, askatasunaren ideia hau ez zen izan norbanakoarentzako ideia soilik, kolektibo edo komunitatearentzako ideia baizik, eta ezkerra izan da betidanik askatasunaren aldarria egin duena, bere forma guztietan.
Baina, gauzak aldatzen ari dira. Orain arteko askatasunaren ideia eskuinak eta eskuin muturrak irauli nahi du. Indibidualismoarekin batu nahi du. Jada, ez da Gu, Ni baizik. Eskuinak lapurtu nahi du askatasunaren ideia eta orain arte kolektibotasunean defendatu dugunok errudun bihurtu nahi gaituzte.
«Eskuinak ez du nahi herriak, kolektiboak, komunitateak indarra izatea. Nahi dute hurkoa esplotatu, negozioak egiten segitzeko»
Herri guztien emantzipaziorako ideia eta helburua izan da orain arte, bada, ideia hori baztertu eta indibiduoaren kontua balitz erakutsi nahi digute. Azken finean, urkoa, bestea, esplotatzeko askatasuna, besteen kontura negozioak egiteko askatasuna, munduaren jabe egiteko askatasuna bihurtu nahi dute.
Eskuinaren eta eskuin muturraren askatasunaren ideia hau ondoen egikaritzen dutenak Donald Trump, Elon Musk, Ayuso, Meloni eta, nola ez, Milei, Austriako hauteskundeetako garailea eta abar dira. Munduaren jabe bihurtu nahi dute.
Eskuinak ez du nahi herriak, kolektiboak, komunitateak indarra izatea. Nahi dute hurkoa esplotatu, negozioak egiten segitzeko. Hauentzako, herria ez da existitzen eta herri txikiak existituko ez balira hobeto, zapaltzen jarraitzeko.
Indibiduo bihurtu nahi gaituzte, baina, gizarterik gabe ez dago indibiduorik. Indibiduo gizarteak, herriak, NANak, hizkuntzak, bihurtzen gaitu; bestela, animaliak ginateke.