Astebeteko ilusioa balio duen txartela
Kirola eta tradizioa; ohiturak eta erritoak. Goizean goiz, badiara arrimatu eta itsasoaren egoera ikustera joatea; udal txistulari banda lagun, Parte Zaharrera gerturatu eta portuan traineruak itsasoratzen ikustea; ogitartekoak prestatu eta Urgullera toki bila goiz joatea; bezperetako entrenamenduak bertatik bertara ikustea, elkartean estropada lagunekin gozatzea, sufritzea…
Kontxaren inguruan urtez urte errepikatzen ditugun hamaika erritu ditugu donostiarrok. Eta gehienak belaunaldiz belaunaldi transmititzen ditugu. Gutako asko gurasoen eskutik helduta joaten ginen aspaldi estropadak ikustera, eta, orain, geu gara eskua luzatzen dugun gurasoak.
«Esperanza kirol elkartea izan zen, 1950ean gailendu zen Donostiako klubaren izena. Logikak besterik dioen arren, ez dezagun, beraz, esperantza galdu»
Gaztetxoek ez dute Donostiako traineru bat Kontxako gizonezkoen estropada irabazten ikusi. Tira, ez beraiek, ezta koskortuago gauden askok ere. Bandera Donostian geratu zen azken aldian, batez besteko soldata 450 pezetakoa zen, esneak 2 pezeta inguru balio zituen eta kilo bat xerrak, 25. Eta bai, Franco bizirik, oso bizirik, zegoen. 1950. urtea zen eta Gipuzkoako selekzio antzeko talde bat osatu ondoren iritsi zen garaipena, Zierbenari gailendu ostean, Antonio Korta patroi zela, kroniken arabera hirira algara eta poza ekarri zituen hura.
Atsegin dut katedrak eta adituek gertatuko dena ez aurreikustea. Bizitza aspergarriegia litzateke bi gehi bi beti lau balira. Eta logika hori hautsi zuen Donostiarrak igandean.
Kirolean alde psikologikoak eragin handia daukan adierazle da Castroko ziaboga madarikatu hark Donostiarraren denboraldia txarrerako markatu zuela uztailean. Igandean, aldiz, buruak Orioren aurka jokatu zuen, beldurra horiz jantzi zen, Donostiarra aurreikusitako gidoia hausten ari zela ikusi zenean.
Hiru segundo atera zizkioten horiek Donostiarrari estropadak jokoan minutu eta erdi zeramanean. Ondorengo hemeretzi minutuetan abiadura berean joan ziren, beraz. Hori dugu iganderako helduleku, soinean daramagun itxaropena. Esperanza kirol elkartea izan zen, hain zuzen ere, 1950ean gailendu zen Donostiako klubaren izena. Logikak besterik dioen arren, ez dezagun, beraz, esperantza galdu. Amestu dezagun, astebeteko ilusioa balio duen txartela eskuratu baitzuen Donostiarrak igandean egindako balentriarekin.
P.D: Epaile jauna, bizitza hobeto ikusten da kolore (h)oriko betaurrekoak jantzi gabe.

