'Atzera begira'
Izenburua eta Deportivoren kontra erakutsitako ezintasuna gorabehera –taldea ezinean ibili zen bai hamaikaren kontra bai eta hamarren kontra ere– ez dut esan nahi sailkapenean Realak atzera begiratu behar duenik.
Eta, hala ere, ez dut uste askoz gorago begiratzeko moduko taldea dugunik. Oker egon nahi nuke, eta liga amaitutakoan pozaren pozez onartuko nuke zeharo tronpatu nintzela lerro hauek idaztean. Azken urteotako talderik onena daukagu, baiki, baina gauza bat dela eta bestea dela, entrenatzailearen akatsak direla eta jokalarien punteria txarra dela, 7. postuaren langa gainditu ezinik gabiltza.
Zeinek daki! Agian 8. eta 12. postuen arteko linboa ez da hain txarra hazten ari den talde batentzat. Gaurkoan, Bartzelona orojalearen bisita dela eta, atzera begiratzeko gogoa sartu zait. Orain dela 10 urte, Realak denei egiten zien so lehenengo postuaren talaiatik.
Real Madril-i 5 puntu ateratzen genizkion. Valentziari 8. Eta Bartzelona 20 puntura genuen. 20 puntura! Orain dela 10 urte, 43 puntu zituen Realak lehenengo itzulian. Egun 43 puntu horiek sailkapeneko 3. postuan egoteko aukera emango liokete. Sailkapeneko azken taldearekiko aldea 29 puntukoa zen, hain justu, Bartzelonak gaur egun Realarekiko duen alde berbera.
Eta golei dagokienez antzeko zerbait gertatzen da: gaur egungo Bartzelonak orduko Realak baino 28 gol gehiago sartu ditu orain arte. Eta zenbat gol sartu ditu Messik? Bai, asmatu duzue…
Bai, badakit. Iraganeko garaiak beti izan ohi dira hobeak, nostalgiko jartzen ari naiz, eta ez du merezi. Egia da. Eta egia da, halaber, azken urteotan ligan gertatu dena penagarria izan dela, batik bat futbola maite dugunontzat.
Haatik, futbologo praktikoa naizen aldetik, atzera begira behar dugulakoan nago. Atzera begiratu eta bilatu hau guztia puskatu duen kabroia. Atzera begiratu eta bilatu liga hau «munduko onena» bihurtu duen malapartatua. Atzera begiratu eta bilatu, hor dago eta. Eta gero, plaza batean larrutu… Ea denon artean topatzen dugun…