Atzo atsaldian Donostiyai jarriyak

Aspaldin ez da donostiarrik
Parte Zarrian azaldu.
Txaka pintxo bat gosaldu eta
espinakakin apaldu.
Ez da biria, adixkiria,
behintzat merienda nahi balu…
Hoi da Loyola merke erosi ta
Ayete garesti saldu.

Marrokiñ eta moro jendia
Egia-Gros bitartian.
Ta bitartian donostiarrak
Lasarte ta Errenderiyan.
Esaten dute hoyekin erne!
kontuz ibilli gaitian…
Ez al da izango Californiya
Jarri zaigula gañian.

San Pedrorekin behin gertatuba
esplikatutzera nua:
donostiar bat sinpa eginda
sartu zan zeru barrua.
etzan rumano edo morua,
ez Ekuadorren jayua:
Nunbait zerriya bezain sorayo
pareta asko iyua.

Podavinesen jarriya zegon
San Pedro hori portero.
Inmigrantia sartu zala ta
jarri zaigu bero-bero:
Jesukrixtori eskatu diyo:
iñor arrimatuz gero
pareta haundi bat egin dezala
kayian, iteik balego.

Ta Jesukrixtok esan dizkiyo
San Pedroi jesukrixtonak:
Nola ingoiteu jende hoyentzat
maindiriak ta komonak?
Aurrena kendu Herreran eta
Egian dauzkagun txoznak.
Besteik ez dizut nik eskatuko:
Su artifizïal onak.

Ez utzi gero, igeldoarrai
Donostiyatik aldeiten:
Agiti hartu ta ez dezaten
bihurtu Haïti baten.
Hor negoziyo ona legoke,
ez al zera konturatzen?
San Pedro, motel, Txubillo ere
nola ezteu “karibetzen”?

Ezetz da ezetz, alperrik dezu,
neri San Pedro, ez saldu:
Donosti british pollit-pollita
zer dan ingoizut azaldu:
diru pixka bat daukana, ondo:
gastatzeko asmoik al du?
Hiru orduko kola eginda
Batxui ale bat bazkaldu.

Baño diruba, diru-diruba,
balu horrek balinbaite,
San Pedro, erne holakuakin,
txit espabilatu zaite:
irikizkatzu Atotxerrekan
hiru-lau ostatu kate
ta Marrutxipin hotel txino bat,
parkiña dula aparte.

Ta Jesukrixto naizenez gero,
agintzen dizut, San Petri:
Aterki saltzen dabiltzan hoyek
arren aparte iruki:
Senegal, Mali, Lezo ta Beraun,
Bukarest, Mosku, Oñati, …
Kolore txarra hartzen diyet ta
bialdu itzazu aurki!

Hori entzunda, San Pedron kezka:
“obeitzeko ote naiz gai?”
Kieto egontzan, pixka batian,
hego haizia moitu zai.
Hamar duroko txanpon haundi bat
jaso ta esantzun: “bai, bai.
Ai Jesukrixto! zure esana
egin besteik ez degu nahi!”

Ta bitartian donostiar hoi
izkutatu zan atian:
txoko polit bat billatua zun
Antiguon, Calle Matian.
Bi kilometro utziyagatik
santu ta biyan artian,
limosnatxo bat eskatzen zuen
Jainkuaren izenian.

Horra bertsuak, jarri berriyak,
dozena Donostiyari.
Hiru txuloko paregabetzat
zuten ziüdadiari.
Orain prantzes gaztai baño geyo
txulua zayo ageri.
Ai zer ote da gu hontaraño,
Otaño, irixti hori…

(Ez Villabonan da ez Errenderin, Hernanin jarriyak 2025eko agorrillian)
Duruan salduko liake baño… alperrik da. Debalde, nahi ditunantzako.

HITZAkide HITZAkide