Autokarabana bai ala ez?
Aste honetan irakurri dut Donostiak inoiz izan duen populazio handiena izan duela 2024an. Donostiarron batez besteko adina 47 urtekoa da. Biztanleria gero eta zahartuagoa dugu eta jaiotza tasa etengabe beherantz egiten ari da. Erronka demografiko handi baten aurrean gaude. Alkateak adierazi du jatorri atzerritarreko pertsonei esker igo dela Donostiako biztanleria. Berak adierazi du belaunaldi erreleboa ere atzerritik datozenen eskutik datorrela. Horren harira, Eustatek argitaratu zuen jaiotza kopurua %7,4 jaitsi zela 2024ko laugarren hiruhilekoan. Beherakada handiena Gipuzkoan antzeman zen, 2023 eta 2024ko aipatutako aldi hori kontuan izanda %13koa izan da. Eta ama izan ziren emakumeen %30,3k atzerriko nazionalitatea zuen. Momentuko errealitatea ulertzeko argazki ezin hobea.
Egun hauetan izandako elkarrizketen artean, batek aipatzen zidan 30 urteren bueltako gazte kuadrilletan nekez hasten direla (garela) seme-alabak izaten. Hori baino, nahiago dutela (dugula) autokarabanarekin asteburua nonbaitera pasatzera joan, udaran Thailandia edo Indonesia bisitatu eta kirolarekin topera jarraitu, horren modan jarri den trail lasterketetan parte hartuz.
Noski egongo da hori nahiago duenik, ez dira (gara) gutxi izango, eta zilegi da guztiz, baina nire inguruan ere ikusten dut beste egoera batean dagoenik, eta hori ere mahaigaineratu beharra dago. Gazteek egunerokoaren inguruan ditugun kezkak biltzen ditu Eusko Jaurlaritzak berriki argitaratu duen Aurrera Begira 2024. Gazteen aurreikuspenei buruzko adierazleak txostenak. 2024ko abenduan, ia 2.700 gaztek erantzun zuten inkestatik bildutako ondorioak dira hauek.
«Batek aipatzen zidan 30 urteren bueltako gazte kuadrilletan nekez hasten direla (garela) seme-alabak izaten. Nahiago dutela (dugula) autokarabanarekin asteburua nonbaitera pasatzera joan»
Urtebeteko epean lan baldintzak okerrera egin edo enplegua galtzeko arriskuan dauden gazteak %41 dira. Hauen barruan, gazte okupatuen %27k uste du urtebeteko epean lana gal dezakeela, eta %14k lana galtzeko beldurrik ez badu ere, uste du lan baldintzak okertu daitezkeela.
Gazte langabeen artean, urtebeteko epean enplegu bat izatea aurreikusten dutenak %70 dira (honek ez du kontuan hartzen zein kalitateko enplegua izango den).
Emantzipazio proiektuak gauzatzeari begira, gaur egun, familiaren etxean bizi diren, eta emantzipatu nahi duten arren, urtebeteko epean emantzipatu ezin izango direla uste duten gazteen ehunekoa %42koa da. Emantzipatuta egon, baina gogoz kontra gurasoenera itzuli behar duten gazteak %2 dira.
Azkenik, seme-alabarik ez duten baina etorkizunean guraso izatea asko gustatuko litzaiekeen gazteen %32k ez du uste «egokitzat» jotzen duten adinean izango direnik. Aurreko bi urteekin alderatuta, ehuneko sei puntu igo da portzentajea.
Honek argazki partzial bat eskaintzen digu, baina ezin dugu alboratu norbere bizi proiektua gauzatzeko zailtasuna duen gazteon kopurua oso altua dela.