Auzo txiki, altxor handi
Orain arte, askok ez zekiten non zegoen Teruel (eta existitzen zenik ere), eta azken egunotan, aktualitatearen lehen lerroan egon da Aragoiko probintzia ahaztua. Telebistan egunero hitz egin dute Terueli buruz, eta beste behin ere ikusi ahal izan dugu askorentzat telebistan azaltzen ez dena ez dela existitzen.
Antzeko zerbait gertatu zaigu Loiolan, aste honetan Herri txiki, infernu handi programan azaldu baita gure auzoa. Programako lantaldeak ohikoa duen fintasunarekin gure komunitate txikiaren argazki ederra egin eta zabaldu du, eta zer den telebistaren magia: orain bat-batean (eta egun gutxietarako bada ere) existitzen gara.
Programa ikusi aurretik lankide batek zera galdetu zidan: «Nolatan grabatuko dute Herri txiki Loiolan? zuek auzo bat zarete!». Herria izan edo ez izan, komunitateari erreparatzen dio programa honek, eta, zorionez, Loiolan badugu hori, eta hau da dugun ondarerik handiena.
Irutxuloko Hitzaren urtekarian argi geratu zen islatuta nola aldatzen ari zaizkigun orain arte ezagutzen genuen hiria. Une honetan auzoetako komunitateek inoiz baino garrantzi handiagoa dute, hiri eredu deshumanizatzaile bati aurre egiteko dugun tresna hoberena baitira. Guk gureari eutsiko diogu infernu handi bihurtu nahi dutena herri txiki moduan gera dadin.