Auzoa bai, dorrerik ez!
Ekainaren 29an, 19:30etik 20:00etara, Erriberak Martxan auzo elkarteak elkarretaratzera deitu zuen, zuzkidura zerbitzuetarako orube batean bi etxebizitza dorre eraikitzearen aurkako protesta egiteko.
Elkarretaratzean 80 bat lagun bildu ziren, gehienak Loiolako Erriberako bizilagunak, dorreak eraikitzea aurreikusita dagoen lekuan. Elkarteak Sahatsa izena jarri dio lekuari, ingurune horretan hazten ari den sahatsaren omenez.
Hau ez da Erriberak Martxan auzo elkarteak antolatutako lehenengo protesta, izan ere, aurretik 1.000 sinadura baino gehiago bildu genituen, Donostiako Udalean eta Eusko Jaurlaritzan erregistratu direnak. Horrez gain, Haritzalderen lankidetzarekin zuhaitz landaketa bat egin genuen.
Loiolako Erribera, auzo berri askoren gisan, logela auzotzat har daiteke, eta zentzu horretan, biltzen garen pertsonen kopurua txikia izan daitekeen arren, gure balorazioa positiboa da. Elkarretaratzera etortzerik izan ez duten edo horrelako mobilizazioen aldekoak ez diren herritar askoren babesa jaso dugu, gure helburua partekatzen dutelako.
Bestalde, kontuan izan behar da gure ezaugarriak dituen elkarte batek zailtasunak dituela bizilagunengana iristeko. Batez ere, ahoz ahoko komunikazioa erabiltzen dugu, eta pare bat egun baino irauten ez duten kartelak itsasten ditugu kaleetan eta atarietan. Sare sozialei dagokienez, Instagramen ere bagaude.
Auzoko jendea Instagramen Erriberak Martxanen kontua jarraitzera animatzen dugu. Bertan, egin beharreko hurrengo ekintzak eta proiektuaren egoerari buruz iristen zaizkigun berriak argitaratuko ditugu.
Auzoaren laguntza eta ideiak emango dizkiguten bizilagunak behar ditugu, Loiolako Erriberako interesak defendatuko dituzten egitasmoak bultzatuko dituztenak. Azken batean, ez ditugun eta merezi ditugun zerbitzuak lortzeko borroka egingo dutenak.
Gure leloa: Auzoa bai, dorrerik ez!