'Azkena, gurasoen alde'
Zigor Etxeburua, Euskalgintzako kide
Abestiak …bukatu da, akabo dio, eta nireak ere egin du, Loretopetiki dagokionez. Dakizuenez, politikaren arlora egin dut jauzi, Aldundira, eta jarraitzea baino egokiago iruditu zait lankidetza hau uztea. Nik besteei egin bezala, besteek nire lanaren kritika egitea litzateke egokiena eta, hala bada, pulpitu hau lagako dut beste inork erabil dezan, egunkarikoek hala nahiko balute. Sei urte eta 72 zutabe joan dira zutabegintzan hasi nintzenetik. Ezin gusturago aritu naiz, aldian behin idatzi beharrak asko lagundu baitit gogoeta egin eta ideiak antolatzen. Gainera, plaza eskaini dit, nire burutazioak irakurri nahi izan dituenari zabaltzeko. Esker oneko nago IRUTXULOKO HITZAKOekin, aukera eskaini izanagatik, eta zurekin, irakurle, zutabeok irakurtzeagatik.Eta azkena, gurasoen alde egingo dut, urrian mende erdia beteko baitute ezkonduta, eta hainbeste zor diet. Naizena, garena, hein handi batean beraien eraginez baikara, bainaiz. Abertzaletasuna, kultur kezka, konpromisoa, euskaltzaletasuna, mendizaletasuna, lanerako grina, errespontsabilitatea, harrotasuna eta tinkotasuna biek eskaini dizkigute, maila berean. Beraiek horrelakoak baitira, eta gu harro.
Ama goierritarra dugu jatorriz, eta donostiarra gaztetatik. Jazarpen frankistaren biktima, bizitza eta pentsamoldea halakoak eta ez bestelakoak izan ditu. Lanari lotua haurra zelarik, egun galtzear dagoen balioa aitortzen dio beharrari. Gazteria langile katolikoen antolakuntzan kide izateak badu horretan zeresana. Eta Jarrai taldeko antzezle izateak demanda egitean dramarako zuen joeran ere, ziur! Gaztea zelarik, garaiko emakume gehienen modura bere autonomia ekonomikoa utzi eta familia osatu eta zaintzeari ekin zion, egun beteko dedikazioz, gaurdaino, etxeko unibertsitatean doktoradutza eskuratuta.
Aita altzatarra dugu jaiotzaz, eta donostiarra ohituraz. Kaleko baserrian bizia, lana izan du bizitzaren ardatza, gure amak nola. Pasaian bapore eta ontzien mekanikan doktore, mende erdiko esperientziak hala ziurtatuta. Militatzen gazteria langile katolikoen antolakuntzan hasia, EIAren sorreran kide, Monzonen eta Garaikoetxearen miresle, eta beti abertzaleen batasunaren aldarrikatzaile.
Biak hala biak bertsozale, pilotazale eta mendizale amorratuak, eta elizkoiegiak, nire gusturako, igande goizetako nire sufrikarioek ongi asko frogatu didatenez. Gure alabei harro azalduko diet beren ikastolaren sortzaileen artean direla beren aiton-amonak.
Ama, aita, maite zaituztet, maite zaituztegu. Urte askotarako izan gaitezela elkarrekin!