Bagerakideak kontari
Amaitu da hirugarren Euskaraldia. Milaka donostiarrek egin dugu beste behin ahalegin praktikoa hamabost egunez gure hizkuntza-ohituretan aurrerapausoak emateko.
Euskaldunok, ekintzaile eta langileak bai, baina hitz gutxikoak omen gara. Isilak, alegia. Ez omen dugu gustuko berriketan aritzea. Nik ez dakit hori hala den, baina baieztapen horrekin ez nator bat. Zuk jarri euskaldun arrunt bat eroso sentitzen den giroan, ezagun edota interesgarri zaion gai baten inguruan hizketan, eta ikusiko duzu zeinen isila den. Eta, uste izan denaren bestera, ez du hitz eta pitz aritzeko baso erdi pare baten inolako beharrik, nahiz eta horrek lagundu. Berdin dio duen kultur maila edo lanbidea, edo jendartean duen tokia; hor ariko da esateko duena erraztasun osoz eta jariotasunez azaltzen.
Baina eskatzen badiozu esaten ari den hori paper batean jasotzeko, adibidez, hamarretatik bederatzik ezezko borobila emango dizu. Hori beste kontu bat dela, idatzitakoarekin kontuz ibili behar dela, eskola gutxi duela, ez dagoela ohituta… Alferrik esango diozu idatz-lanetan lagunduko diozula, Aita Zabalak behinola hainbat bertsolariekin egin zuen bezala. Ez duzu hain erraz zeurera ekarriko.
Bueno, bale, utz ditzagun idatz-lanak alde batera. Eta horren ondo ezagutzen duzun gai hori ez al zenuke jendaurrean azalduko, lagun artean bazeunde bezala? Azken batean zure modukoak izango dira denak. Ezetz! Ezezkoa berriro, antzeko argudio-aitzakiak emanda. Hau ez da hipotesi, teoria edo uste ustel funts gabea, zientifikoki ez bada ere, neronek behin baino gehiagotan egiaztatu ahal izan dudan jarrera baizik. Egia da ikasketetan aurrera samar joandakoen artean egoera ez dela hain beltza; ez dela, alegia, hain zaila jendea konbentzitzea. Baina gainerakoekin, eta asko esateko dutenak asko dira, ez da giro.
Jarrera hori tamalgarria da. Ez hainbeste beraientzat, baizik eta gainontzekoentzat, guretzat. Era horretan bizitzak, lanbideak edo zaletasunek emandako jakituria ez da transmititzen, ez da konpartitzen, eta, ondorioz, neurri handi batean galtzen da.
Zer egin egoera hori iraultzeko? Horixe bera galdetu berri dio Bagera Elkarteak bere buruari, eta gaiari haize ematea, eta erraztasunak eskaintzea erabaki du. Asmoa da jendeari hitza ematea. Behar diren baliabide guztiak emanda, edonori, berak nahi duen gaiari buruz, jendaurrean hitz egiteko abagunea eskaintzea. Deialdia irekia izanagatik, bereziki Bagerakideei zuzenduta dago, 500 inguruko lagun horiek pixka bat dinamizatzeko, hori dela eta, egitasmoari Bagerakideak Kontari izena jarri diote, kontua baita kontu kontari aritzea eta, zalantzarik gabe, denen artean gorderik duten altxorra agerian jartzea.
Oharra: Hurrengo solasaldia, danborren hotsa pasatutakoan eta inauteriak heldu baino lehen izango da, otsailaren 23an. Hau bai bizimodu okupatua!
Gaia: Haurtzaroko komeriak.
Hizlaria: Idoia Agirre Lasarte.
Gogotsu etorri solas-jolas dezagun.