Bageraren Jardunaldiak 2022: ‘Euskara, kultura, komunitatea’
Aldaketa handi eta azkarren garaian bizi gara. Mundu mailatik hasita, Euskal Herrira, Donostiara eta gutako bakoitzaren bizimodura, dena bustitzen duten aldaketak dira batzuk: globalizazioa, klima larrialdia, pandemiak, gerrak, digitalizazioa, migrazioak, indibidualizazioa… Hizkuntzei dagokienez, testuinguru aldaketa horiek guztiek dute eragina. Euskaraz bizi nahi badugu, funtsezkoa da adi egotea aukerak eta arriskuak identifikatzeko. Zokoratzeetatik ihes egin eta errealitate berrietara egokitzeak soilik balio du.
Lagunekin, senideekin, lankideekin eta auzokideekin harremanean bizi gara. Harreman horien baitan eta horien arabera ulertzen dugu gure ingurunea. Harremanak izateko eta mundua ulertzeko modu desberdinak daude eta hizkuntzen bidez garraiatzen dira, besteak beste. Kultur sorkuntza eta artea funtsezko elementuak dira hizkuntzen eta kultur ikuskeren transmisioan eta erreprodukzioan. Harreman sareak trinkotu, elikatu eta eguneratzeko tresnak dira.
Kulturak euskararen biziberritzean jokatzen duen eta joka dezakeen funtzioan jarri nahi dugu arreta aurtengo jardunaldietan. Euskararen erabilera areagotzeko beharrezkoa da testuinguruari lotutako baldintzak sortzea. Donostian zeintzuk dira baldintza horiek? Hiriaren baitan nola errepresentatzen da euskaltasuna? Donostia kulturaren erakusleiho izateaz harrotzen den hiria da, baina, nolako harremana du kultur hiri honek euskararekin? Nola bizi du kultur ekosistema horrek hizkuntzaren afera? Deserosoa al zaio? Nolako errepresentazioak sortu ditu hiritik sortutako arteak? Euskal kulturaz pentsatzeko ba al dugu nahikoa oinarririk? Ba al dago emozioak sorrarazten dituen komunitate sortzailerik?
Herri kulturaren garrantziaz hitz egingo digute Añorgako Dibertimenduko kideek. Hizkuntza gozamenarekin lotzeak zabaltzen dituen ateen inguruan, elkartu eta elkarrekin aritzeaz jardungo dira Iruñeko Labako kideak. Azpeitiako Dinamoa sormen guneko lagunak, sormena eta transmisioa ardatz, iraganari etorkizun bat eman eta etorkizunari iragana, baina hemen eta orain bizi garela aintzat hartuta, bidea egin eta komunitatea indartzeaz ariko dira.
Laburbilduz, Kulturari, euskaltzaletasunari eta komunitateari eskainiko dizkiegu Bagera Elkartearen 2022ko Jardunaldiak, maiatzaren 28an San Telmo Museoan. Beste toki batzuetan kulturgintza komunitatetik eta euskaltzaletasunetik lantzen duten esperientziak ezagutuko ditugu, etorkizuneko gure proiektuen inspiratzaile izan daitezen. Eta mahai inguruan, kultur ekosistemaren koordenada desberdinetatik hitz egingo diguten pertsonen hausnarketak ezagutuko ditugu.