Bai, baina ez, baina bai
Topatu izan dut nire burua mugak non dauden galdezka, garai bat non amaitu eta hurrengoa non hasten den pentsatzen. Ulertu nahian, dena dagokion ustezko tokian kokatu nahian. Gauza bat besteagandik zerk bereizten duen ondorioztatu nahian, pertsona bat besteagandik, ia-ia asmakizun eran. Baina, nola ez, sarri galderek ez dute erantzunik, eta mugak gero eta lausoagoak dira.
Donostiarren hizkuntzan lurreratuta, adibidez, inork Intxaurrondo non amaitu eta Egia non hasten den galdetuz gero, lasai asko azalduko nioke zein den aldea. Kontua da, ohartu naizela, agian nire eremutik pixka bat haratago joanez gero, zalantza handitu egiten zaidala. Adibidez, zalantza egingo nuke Amara eta Amara Berri zerk banatzen dituen azaltzen (banatzen baditu zer edo zerk), eta galdetu egin beharko nuke Antigua eta Aiete zerk banatzen dituen, ideiarik ez.
Donostia gustatzen zait? ‘Bai, baina ez, baina bai’. Donostiarra izatea gustatzen zait? ‘Bai, baina ez, baina bai’. Donostian bizitzeko aukera dugu? ‘Bai, baina ez, baina bai’. Aurreko larunbatean goiz etxeratu zinen? ‘Bai, baina ez, baina bai’
Mugak, marrak, sailkapenak eta banaketak nahiko argi nituela pentsatu ohi nuen, bidegurutze, parentesi, puntu-koma eta nahasketak sarriegi alde batera utzita. Orain, ordea, gero eta gutxiagotan interesatzen zaizkit dardararik egin gabe ustezko hitz potolo eta irmoak besterik erabiltzen dituzten ahotsak. Ez dakit dudan aldartea, sintoma generazionala edo munduaren eta garaiaren aldrebeskeria izango den, baina azkenaldian gauza gehientsuenetarako erantzun berdina darabilt buruan: bai, baina ez, baina bai.
Orain ulertuko didazue. Soinean daramadan kamiseta zuria da? Bai, baina ez, baina bai.
Gustatzen zaizu zure lana? Bai, baina ez, baina bai. Heldu funtzionalek trafiko arauak errespetatzen dituzte? Bai, baina ez, baina bai. Argi daukat zer kontatu nahi dudan IRUTXULOKO HITZAren hurrengo zutabean? Bai, baina ez, baina bai. Erretzailea naiz? Bai, baina ez, baina bai. Orduan, guztiarekin aurrera? Bai, baina ez, baina bai. Badakit noiz ureztatu behar ditudan landareak? Bai, baina ez, baina bai. Donostia gustatzen zait? Bai, baina ez, baina bai. Donostiarra izatea gustatzen zait? Bai, baina ez, baina bai. Donostian bizitzeko aukera dugu? Bai, baina ez, baina bai. Aurreko larunbatean goiz etxeratu zinen? Bai, baina ez, baina bai. Badakit zertan ari naizen? Bai, baina ez, baina bai. Ulertu didazu esan nahi nuena?