Bakarrik
Bi urte beteko dira laster COVID-19a gugana iritsi zenetik. Bi urte gure bizitzak eta harremanak eraikitzeko erak kolpez eta ia errotik aldatzera behartuak izan ginenetik. Eta bi urte hauetan, komunikabide, sare sozial eta eguneroko elkarrizketetan etengabe presente egon den gaia izan da. Horregatik, gaiarekiko erabateko nekea sentitzen dudalako, uko egin izan diot orain arte honen inguruan idazteari. Baina azken asteetan, bai niri eta bai nire inguruko askori tokatu zaigu gaixotu eta isolatu behar izatea, eta oraingoan bai, honen inguruan aritzeko beharra sentitu dut: bakardadeaz, beldurrez eta kulpaz hitz egiteko beharra.
Bakarrik egotea zoragarria da, bakarrik egoteko hautua egiten dugunean. Gure gorputza eta burua goxatzeko unea da, kanpo-estimuluetatik pixka bat aldentzekoa. Baina bakardade hori derrigortua denean, norbere buruaren aurkako etengabeko gudu bilakatu daiteke.
Gure egunerokoan «normaltasuna» performatzen saiatzen bagara ere, eta birusak gehiegi kezkatzen ez gaituela sinestarazten, inor ez dago inguruan bor-bor dabilen informaziotik eta honek dakartzan beldur eta kezketatik salbu. Beldur horrek forma eta aterabide desberdinak har ditzake gutako bakoitzean. Baina bakardade horretan gorpuzten dira denak.
Eta beldurraren ondotik dator kulpa. Barru-barruan errotuta dugun sentimendu katoliko hori. Kulpa baja hartu behar izateagatik, kulpa ingurukoak kutsatu izanagatik, kulpa ondokoen bizitzetan gaixotzeak izan dezakeen eraginagatik…
Honek denak, konpartitua ez bada, kontsumitu egin gaitzake pixkanaka, gure osasun mentala kolokan jarriz, eta beharbada antsietatea, panikoa edota depresioa bezalako nahasmenduetan eztanda eginez. Eta orain, gainera, hauek denakpartekatzetik urrun, autozaintza exigitzen digute. Bakardade horretan tematuz, eta isolatuta dagoena isolatuago utziz.
Aspaldi dakigu, hala ere, instituzioek ez dutela gure buru-osasunaren mesedetan behatz bakar bat ere mugituko, eta are argiago ikusten ari gara hori pandemia garaiotan. Beraz, bitartean, bilakatu dezagun autozaintza hori elkarzaintza. Konpartitu ditzagun gure beldur, kezka eta kulpak ondokoekin eta eman diezaiogun osasun mentalari merezi duen lekua.