Balio dute. Balio dugu
Ez da kontu berria, nahiz eta duela aste gutxi batzuk, konfinamendu garaian, sareko labean egosi den proiektuaren webgunea. «Balio dute» dio, tailajerik gabeko harri bitxi baten gainean.
«Ez du zentzurik lan bat argitaratzen den bakoitzean zerotik abiatzea. Horregatik batzen gara. Batzea esfortzuak errazteko, eta batzea ikusgarritasuna errazteko. Gure pasioa dena duintasun handiagoz eraman ahal izateko aurrera». Ez da nik diodana. Edo bai. Baita ere. Izan ere Koban, Mihise, Pelax, Physis versus nomos eta Raitx taldeek osatzen dute kolektiboa, eta batzeak ematen duen indarra baliatu nahi dute jendartean eragiteko. Horretarako, eta kolektibotik norbanakora heldu ahal izateko, diskoen katalogoa osatu dute, eta baita Baliodute.eus atarian aurkitu daitezkeen hainbat gauza ere: taldeok jarraitzeko agenda (hutsik utzi duena birusak), denda, taldeen zerrenda, eta beste zenbait detailetxo sorkuntza eta sortutakoa gertuagotik ezagutu ahal izateko.
«Zigilua aitzakia bat da. Elkarrekin geundenak elkarrekin egoteko». Horrela dio ‘Gu’ atalean irakur daitekeen azken esaldiaren hasierak. Zigilua. Diskoak kaleratu ahal izateko. Garrantzitsua gaur egungo ziurgabetasuna gainditzeko. Baina interesgarriago egin zaidan esaldia azkena da. «Elkarrekin geundenak, elkarrekin egoteko». Hitz ederra da elkartasuna. Integrazioa da. Besteen ezagutzaz ikastea da. Desberdinen arteko berba da. Elkarrekin elkarrentzat.
«Balio dugulako baino, nahi dugulako». Horrela amaitzen da aurkezpena. Oraingoz bost taldek nahi dute, baina ziur gehiago elkartuko zaizkiela. Ziur, zigiluaren ondotik musika eskola etorriko dela, eta baita udalekuak ere. Konbentzituta nago satelite itxura duen harribitxiak loratuko dituela hainbat talde, eta bereziki inporta zaidana: gizartean eragiteko, erakusteko, eta elkar gozatu eta goxatzeko jaio denak kutsatuko duela Euskal Kultura irribarrearen birusarekin.
Ongi etorri balio duzuenak!