Barruari esker
Abenduan Martin Riellarekin batera egindako bertso horiez geroztik, ez diot neure buruari sorkuntzarako unerik eskaini. Egia esan, gorputzak ez dit horretarako deirik egin. Alde horretatik, harro nago gorputzak eskatutakoari erantzun, eta ez dudalako neure burua nahi ez nuen zerbaitetara behartu. Baina, aldi berean ere, badut halako pena, edo frustrazio sentsazio bat, orain arte «aske» egin nauen horretarako denborarik hartu ez izanagatik. Beharbada, hau izan dut urteko lehen kalanbrea; ez dute askorik itxaron behar izan 2020ko kontraesanek.
Astekarirako kolaborazioa zela eta, orduan eseri nintzen ordenagailuko pantailaren aurrean, hatzak prest, inspirazioa orduan etorriko zitzaidalako esperantzaz. Ideia batzuk banituen buruan eta horietako bati ekin nion urtarrileko astekari honetarako aproposa izango zelakoan. Hasi nintzen ideiak josten eta hatzak hasi ziren erritmo egokian ordenagailuko teklen kontra, baina idatzi beharreko karaktere kopuru erdira iritsi aurretik, blokeoa; jarraitu nahi baina ezina. Halako batean, eta gure buruak duen bidaiatzeko gaitasunari esker, gogoratu nintzen Gabonetan irakurritako Karmele Jaioren Nire aitaren etxea liburuan bazela sentitzen nuen egoera horren inguruko pasarte bat. Liburua ireki, eta hortxe topatu nuen, arkatzez azpimarraturik: «Estudioan, ordenagailuaren aurrean eseri zara istorio baten lehen lerroa idaztera doanaren gogoaz. Lehen lerroa idaztean beti dago gogo handia, zelai zabal bat begien aurrean. Idazketan aurrera zoazen heinean, ateak ixten doaz, bideak murrizten. Idaztea askatasuna galtzen joatea da..».
Pasarte hori irakurrita itxi nuen ordenagailuko pantaila. Jaiok adierazi bezala, hasieran sentitutako idazteko askatasuna bukatua nuen; idazkeran aurrera nindoala niri ere itxi zitzaizkidan bide eta ateak. Hala, presioari uko egin, eta gorputzari kasu egitea erabaki nuen orduan. Gorputzak ezetz esaten zidan, ez idazteko, hartzeko atseden eta une horretako gogoei kasu eginez beste zerbaiti ekiteko. Eta hala egin nuen.
Blokeo egoera batek eraman ninduen gorputza erdigunean jartzera. Ezintasunak. Eta badu horrek tristetik puntu bat. Izango gara abil eta azkarrak hainbat kontutan, baina zeinen itsu eta motel aritzen garen gorputzari, barruari, erreparatzeko orduan. Zenbat muga jartzen dizkiogun. Zenbat behar, konturatu gabe zer den benetan behar duguna.
Azkenean, idazteko ezinak eta gorputzari entzun eta erantzuteak salbatu du kolaborazioa. Beharbada ez da espero nuena, baina balio dezala, behintzat, gorputza erdigunean jarri eta arreta gehiagoz hari begiratzeko.