Basque Country-n epaileen beharrik ez
Guztion ahotan ibili da, egunotan, Nafarroako epaileek euskaldunon hizkuntza eskubideei egindako erasoa. Basque Countryn, ordea, Urkulluk, Olanok eta Goiak zuzentzen dituzten erakundeak izan dira euskaldunon hizkuntza eskubideak eta euskararen erabilera kamustu dituztenak. Tristura eta min berezia eragiten dute gure omen diren erakundeak direnean —Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako Udala— halako jokaera erakusten dutenak.
Kursaalaren aurrealdean kartel izugarri handi bat paratu dute egitekoa den biltzarra iragartzeko:
San Sebastian Gastronomika. Basque Country. Congreso Internacional de Gastronomía, goian. «Gastronomiari buruzko nazioarteko biltzarra», azpian. 6-9 octubre. Saborea la vuelta al mundo.
Donostia gastronomikorik ez dago. Euskal Herritik ezer gutxi duen Basque Country. Euskaraz dagoen bakarra, azpian, espainolaren menpe. Euskaldunok ezin jakin noiz izango den, eta ezin jakin zein zapore duen munduari birak.
Sansebastiangastronomika.com orrialdean sartu (telefonotik sartuta ez da euskarazko aukerarik) eta… sustatzaile instituzionalak: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Donostiako Udala, Explore San Sebastian Region, Donostia Sustapena eta Tourespaña.
Egun bertsuetan, Tabakalerako (Jaurlaritza, Aldundia eta Udala) LABe Digital Gastronomy Lab jatetxean, menua iragartzeko panel handia eta eskariak egiteko tabletak espainol hutsez. Euskaldunak ez gara ongi etorriak bertara. Esan beharrik ez dago LABe-ren sustatzaileak gure hiru erakunde horiek direla.
Larunbatean Euskaltzaindiaren 100. urteurrena ospatzeko ekitaldian hitz politak esan zituen Urkulluk; irratian entzun nituen. Zoritxarrez, hitzak haizeak eramaten ditu, eta praktika da, benetan, gizartean eragiten duena.
Ez dugu lan makala euskaldunok, gure hizkuntza eskubideak errespeta ditzaten, euskaraz bizi ahal izateko.