Batera bagoaz, garaipena gurea da
Anoetako hego harmailako kornerretik La Cartujakora autoz egin genuen bidaia partida asko partekatu —eta sufritu— ditugun hiru lagunek. Ostiral arratsaldean abiatu ginen, soinean, Realaren kamiseta ez ezik, zetorrena elkarrekin bizitzeko ilusioa ere generamala.
Donostiatik atera berritan, ez dakit zein puntura arte ginen kontziente esperientzia kolektibo baten parte izatera gindoazela Andaluziara. Ez naiz soilik partidaz ari. 900 kilometroak helmuga bera zuten milaka realzalerekin egin genituen. Han eta hemen ikusten genituen Guazen Reala banderadun autokarabanak, bufanda armarridunez apaindutako furgonetak, Txurdinen zintzilikaria zeramaten autoak… eta begirada konplizeak eta keinuak partekatzen genituen.
Hori beroketa besterik ez zen izan. Kolore txuri-urdinek tindatu zituzten kale eta tabernetan, etxean sentitu ginen. Senideekin zerbait partekatzen ariko bagina bezala. Zaleen artean, giroa epela zen, eta kalean, bero: itzalean, 33 gradu. Apirilaren 18an. Etxean ez sentitzeko arrazoi bakarrenetarikoa.
«Lasaitasunaren eta poztasunaren arteko nahasketa izan genituen erregai, bueltako 900 kilometroak egiteko. Berriro ere, milaka realzaleren alboan»
Elkarrekin egin genuen denok zelairako bidea, txaranga eta bengala artean, «eta irabazten badugu, zer?» kantatuta. Partida hasteko ordubete luze geratzen zela iritsi ginen La Cartujara. Bizi genuen burbuilaren mehatxu bihurtu ziren ia-ia kanpoko partean zeuden ilarak, eta, ondoren, gure tokia topatzeko zailtasunak. Baina, azkenean, dena ondo atera zen. Baita partida ere.
Aitortu behar dut norgehiagokaren 120 minutuak ez ditudala argitasun osoz gogoratzen, adrenalina eta emozioak tarteko. Badakit urduri eta pozik sentitu nintzela, partida osoa zutik ikusi nuela eta motza egin zitzaidala. Barrenetxeak gola sartu zuenean lagunen gainera salto egin nuela, eta neska ezezaguna ospakizunera batu zitzaigula. Adiskide batek etengabe errepikatzen zuela une «historikoa» zela, eta harmailak «Aitor Zabaleta» oihukatzen zuela. Partidara bihotzean ekarri nuen aitarekin hizketan izan nintzela. Lagunek besarkatuta ikusi genuela Oiartzabalen penaltia. Haserretu egin nintzela Atleticok bigarren gola eskuratu, eta harmaila isilik geratu zelako denbora luzez, taldeari irabazteko indarra eman ordez. Gorroto ditudan penaltiak behingoz konfiantzarekin ikusi nituela. Garaipena eserlekuan zutik gozatu genuela. Eta zelaitik ez genuela alde egin nahi.
Igandean, lasaitasunaren eta poztasunaren arteko nahasketa izan genituen erregai, bueltako 900 kilometroak egiteko. Berriro ere, milaka realzaleren alboan.
Brigade Locok ondo baino hobeto esan zuen: batera bagoaz, garaipena gurea da.


