Bazen behin tasa bat
Eztabaidak bere mamia du, ezin da ukatu. Turismo tasa bidaiariak helmuga turistiko jakin batzuetan ostatu hartzeagatik ordaindu behar duen zerga da, eta ez da gauza bera bildutako dirua turismoak helmugako udalerriari gehitzen dizkion gastuak arintzeko erabiltzea, Donostiako Udalbatzak ustez aho batez eskatzen duen moduan, edo “turismo sektorearen lehiakortasuna hobetzeko” erabiltzea, Javier Hurtado sailburuak proposatzen duen moduan.
Donostiara datorren turista, bere egonaldian, donostiarrok gure egunerokoan erabiltzen ditugun ondasun eta zerbitzuez baliatzen da, hala nola, garraio publikoaz. Horrek, jakina, udal gastua handitzea dakar, adibidez, garbiketan edo hiri mantentzean, eta, beraz, guztiz ulergarria da, baita justiziazkoa ere, bildutakoa inpaktu hori arintzera bideratzea. Sailburua, ordea, ez da iritzi berekoa. Kontua da, bitartean, turismoak hazten jarraitzen duela eta, horrekin batera, gastu publikoaz gain, jardueraren ondoriozko arazoak ere hazten ari direla. Eta hortxe dago koska, jakina baita Hurtadoren turismo politikak lehiakortasuna hazkundearekin lotzen duela, eta, beraz, proposatzen duen aukerak arazo horiek larriagotu baino ez lituzke egingo.
Alkateak gaiaren inguruan egindako azken adierazpenen tonuari erreparatuta, bi jarrera guztiz antagoniko aurrez aurre daudela pentsa liteke. Baina titularretatik haratago irakurrita, konturatzen zara sailburuaren xedea ez dela oso desberdina jeltzaleen asmoetatik, Jon Insausti Donostiako Turismoko zinegotzi ordezkariak ere “turismo industriaren lehiakortasuna hobetzeaz” hitz egiten baitu.
Eztabaidaren korapiloa beste nonbait dago, korapilorik baldin badago. Kontua zera da, duela hamarkada batetik askatuta egon beharko lukeen eztabaida batekin entretenitu nahi gaituztela. Gaia Bilduk jarri zuen lehen aldiz mahai gainean, 2012an, baina ez zuen aurrera egin. Katalunian urte hartan bertan ezarri zen, eta inguruko hiri askok ere ezarrita zeukaten ordurako. Horretan ari dira aspalditik Europako hainbat herrialde.
Adibide eta erreferentzia ugari daude, baita hemen ere, Donostian, 1931n “impuesto municipal de turismo” deiturikoa aplikatzen baitzen. Liga de Inquilinos elkarteak, 1920an jada, turismoaren kontura aberasten ari zirenei hiri ekarpen handiagoa ezartzea eskatzen zuen. Udal agintariek entzungor egin zuten, harik eta, hamar urte geroago, Fernando Sasiain alkate errepublikanoak Donostiako herri langilearen eskaerari bide eman zion arte.
«Turismoaren tasa, kanona edo zerga ez da gauza berria. Azken hamarkadan aldizka berpiztu den eztabaida da […]. Bitartean, neurrigabeko turismoak sortzen dituen arazoak areagotzen ari dira»
Ordenantza aitzindaria eta abangoardista izan zen, baita egungo ikuspegitik ere. Bi turismo ostatu mota bereizten zituen: errentan ematen zirenak, etxebizitzak edo txaletak kasu; eta ostatu industriara lotutakoak, hala nola, hotelak, pentsioak edo bidaiari etxeak. Lehenengoek alokairuaren zenbatekoaren %1 ordaintzen zuten. Bigarrenak hiru kategoriatan sailkatzen ziren, lehen, bigarren eta hirugarren mailakoak deituak, eta hiru, bi eta pezeta bateko zergak ezartzen zitzaizkien, hurrenez hurren. Hori, egonaldia hamar egunetik beherakoa bazen, hortik gora kategoria bakoitzari zegokion zerga bikoiztu egiten zen. Hamar urtetik beherako bezeroari erdia kobratzen zitzaion, betiere, kategoriaren arabera. Ostatuen arduradunek, gainera, Udalaren Zerga eta Tasa Bulegoan egin behar zuten aitorpena, bezeroek gaua igaro eta hurrengo egunean.
Hau da, turismoaren tasa, kanona edo zerga ez da gauza berria. Ez da gauza originala edo berritzailea. Azken hamarkadan aldizka berpiztu den eztabaida da, eta hizpidera ateratzen den bakoitzean, zerbait egiten ari den ideia nagusitzen zaigu. Bitartean, neurrigabeko turismoak sortzen dituen arazoak areagotzen ari dira, eta turismo tasari buruzko eztabaida arazo horiei ez heltzeko aitzakia edo zurigarri bihurtu dela dirudi.
Eztabaidak bere mamia du, bai, baina berandu dator. Turismo tasa kudeaketa tresna bat da, eta turismoa kudeatzea fluxuak kudeatzea da: zenbat eta hainbeste, alegia. Baina egungo testuinguruak, kudeaketaz hitz egitea baino gehiago, turismoa gobernatzea eskatzen du. Bestela esanda, Donostian dugun arazoak neurri bereko soluzioak eskatzen ditu, eta turismo tasa ez da horietako bat. Kontua jada ez baita arintzea, mugatzea baizik.