Behin batian Loiolan
Luix Barinagarrementeria, abokatua
Erromeria-ez zan, hantxe ikusi nuan neskatxa bat plazan, alkatea hartu zula ez eiteko dantzan, huraxe bai zakarra ematen zun Tartzan! Saldiasek barka nazala baita Azpeitia aldeko bere zaleek, baina hauxe etorri zait burura joandako egun bustietako telebistako irudi batzuk oroitu ditudanean. Halaxe izan da, abuztutik hasita, urrian ere euria urri, eta azaroan, euria arazo. Egia esan, ezkonduek nola, asteburu baterako utzia zuen zeruak dena emate hori. Hernani eta Astigarragarekin batera, bereziki, Donostiako Martutene eta Loiolakoa beldurgarri bezain harrigarria izan da, onar dezadan. Egiako tontorretik haizeak eraman ez gintuenean, urpean utziak zituen hainbeste eta hainbeste herrikide. Zer izango zen maiatzako tsunami ostea Japonian? Orain, jazotakoaz espekulazioa dario hiriari, zurrumurru haizeak hasi dira zabaltzen, ez baikaude alferrik hautes-kanpainan. Udaletxeko pasiloetako kazetarien txutxumutxuetan zer edo zer sumatzen da. Gascok eta Goiak klarisetan ehun mila arraultz utzi zituztela dio Gara egunkariak, trumoi zakar eta euri demasa eskean, aginte makila hartu zuenetik, Izagirre alkatea hirian barreiatzen ari omen den irribarre sentimendu baikorra seko busti akabatuko zuelakoan. IRUTXULOKO HITZAk, ordea, hauxe: lehengo zinegotzien xede beretsuarekin Viles, Itxaso eta Gomez Uraldek hitz-ordua egin ei zuten Igeldoko itsasargiarenpean, zeru altuan zegoen jaunari Donostiara di-dako desastrea ekarriz gero, Jazzaldirako txartelak gordeko zizkiotela aginduz. Diario Vasco (sic) eta Teledonostik diote, ordea, alkatearen idazkari bien kontua izan zela dena, izan ere, hauek kontu lohitsuetan ohituak omen eta behin betiko “suetana” emanda, gaztetxo kaputxarik gabeak eraman zituzten Añarbeko ateak zabaltzera, ahal zena bainoago, propio Urumea ibarrean uholdea eragiteko eta behin bizilagunen ikara sortuta, Martuteneko espetxea apurtu eta bidenabar, alkatea super-konpontzaile-partehartzaile jaun gisa agertuko zen beraien aurrera, bilera partehartzaileetan partehartzera. Zurrumurru gehiago badago. Baina, leku gutxi dut honakoan. Zein izango Izagirre eta andra haren enkontruraren amaiera? Akaso hau? Drama polita zera, polita guztiz, ai!, baina halare zaude oraindik sutan blai, bozka nazazu aizu, esan zaidazu bai, nik zuri bozka eman? ni zurekin jai jai.